EHU-ren 'Saltillo' eskola ontzia Mutrikuko portuan dago ikusgai
https://www.youtube.com/watch?v=IntFOJL21yA Atzo iluntzean Mutrikun porturatu zen 1932an eraikitako Saltillo belaontzi historikoa. Mutrikuko portura hurbiltzen diren guztiek gaur itsasontzia bertatik bertara ikusteko aukera paregabea izango dute.
Goizetik belaontzia bisitatzeko aukera egon da, eta portuan ibili direnek, dudan jarri gabe, ontzian sartu, eta belaontzi historikoa bertatik ezagutu nahi izan dute. Batzuk, ordea, itsasontziaren barrua ikusteko gogoarekin ere geratu dira, baina belaontzia kanpotik ikusteko aukera egon da bakarrik Mutrikun. Bertara hurbildu diren guztiak, jakin-min handiarekin ibili dira kanpoaldean belaontziak erakusten ziena ikusten eta miresten. Bertan lanean ari diren tripulazioaren eguneroko zereginak zeintzuk diren galdetu dute Saltillo eskola ontzia bisitatzera joaten direnek, batik bat. “Belaontzi hau ikustera ohituta gauden beste belaontzietatik nahiko desberdina da. Beraz, jende asko hurbiltzen da berau ikustera”, adierazi du kapitainak.
Hain zuzen ere, 26,25 metroko luzera eta 5,25 metroko zabalera dituen belaontziaren tripulazioa Mikel Lejarza kapitainak eta Portugaleteko Nautika eta Makinetako Goi Eskolo Teknikoko 14 ikaslek osatzen dute aurten. Mutrikun dauden bitartean, itsasontziko kapitainak zein tripulazioko kideek herria ere ezagutzeko aukera izango dute. Bestalde, gaurkoa ez da Saltillo Mutrikun egoten den lehen aldia. “Orain bost edo sei bat urte egon ginen Mutrikun. Sasoi hartan, nahiko itsaso txarra eduki genuen, eta, horrenbestez, irten egin behar izan genuen. Oraingoan, ordea, itsasoa nahiko lasai dago. Ea Mutrikuz gozatzeko aukera dugun”, azaldu du Lejarzak.
Bere itxuragatik eta ezaugarriengatik itsasontzi oso berezia da Saltillo. Besteak beste, masta biko belaontzia da, eta bertan egiten diren maniobra guztiak XX. mende hasieran egiten ziren moduan egiten dira. “Dena poleen laguntzarekin egiten da. Ez dugu inolako makineriarik erabiltzen nabigatzeko”, gaineratu du Lejarzak.
Azken 11 urteak Saltillo belaontziko kapitain lanetan dihardu Mikel Lejarzak. Besteak beste, uda sasoian egiten dituzten irteera hauetan, ikasturte osoan ikasitakoa barrutik bizitzen ikasten dute tripulazioko ikasle guztiek. “Eguneroko nabigazioarekin, lanekin eta maniobrekin asko ikasten dute”. Horrez gain, tripulazioan dauden ikasle batzuk berriak baldin badira ere, itsas esperientzia hau behin baino gehiagotan errepikatu dutenak ere badira. “Modu horretara, batzuk besteei erakusten diete ontzian egin beharrekoak. Oso esperientzia aberasgarria da. Era berean, kapitain lanetan aritzea amets bat da niretzako. Euskal Herriko ontzirik politenean nabigatzen ari naiz. Gainera, eskola ontzia da, eta urtero ikasle berriei niri gehien gustatzen zaidana irakasten nabil; nabigazioa, alegia”.
Udaro egin bezala, euskal kostaldean nabiltzen dabil Saltillo, eta, bi astez belaontzia ikustera eta ezagutzera ematen ari dira portuz portu. Bihar Mutrikuko portutik irten eta eguna Bermeora zeharbidean jarraituko dute. Eguenean, gaur Mutrikun egin bezala, bisitariei ateak irekita izango ditu belaontzi historikoak. Bestalde, uda sasoian Euskal kostaldea bisitatzeaz gain, Galizia aldean aldean ere ibili dira eta aste batzuk barru, Frantzia ingurura ere egingo dute irteera eskola ontziko ikasleek.
Argazki galeria [nggallery ID=190]