Askotan ez modura, oraingoan Doctor Deseo talde ospetsuak eliza baten eskainiko du kontzertua: Lekeitioko Konpañiko elizan. Domekan, 22:30ean, taldeak beste inon eskaini ez duen emanaldia eskainiko du Lekeition; espreski Lekeitiorako prestatu duen ikuskizuna eskainiko du taldeak. Eta muntaia hori guztia posible egiteko, antolatzaileak jo eta ke aritzen dira. Euretako bat da Bea Santamaria (Gasteiz, 1982).
‘Konpañiko gutiziak’ izenburua jarri zenioten elizan antolatzen dituzuen kontzertuei. Zer dela eta?
Kontzertu bereziak dira, modu akustikoan, intimoak… Gutizia moduko emanaldiak dira. Eta horregatik jarri genion ekimenari izen hori.
Noiz hasi zineten antolatzen?
Duela lau urte hasi ginen. Iaz baina, ezin izan genuen egin, dirurik ez zegoelako udalak ezin izan zuelako lagundu. Baina aurten berriro berreskuratu dugu.
Bebe, Anari…Begirada atzera botata, Konpañiko elizatik talde ospetsuak pasatu dira. Zer nolako prestutasuna erakusten dute taldeek eskaintza egiten diezuenean?
Taldeek oso ondo erantzuten dute. Azken finean, guk ezin dugu ordaindu ohiko kontzertu baterako eurek zehazten duten prezioa. Kobratzen dutena baino askoz gutxiago eskatzen digute. Eta horretarako prest agertzen dira. Normalean ez da horretarako arazorik egoten. Baina prezioaz gain, musikariak ohituta dauden agertokiekin alderatuz, guk eskaintzen dieguna ezberdina da eta askotan errepertorioa edota ikuskizuna bera ere aldatu egin behar izaten dute.
Eta herritarrek zelan erantzuten dute?
Herritarrek oso ondo erantzun izan dute orain arte. Beti harrera ona egin izan diote kontzertuei.
Zelan lortu duzue Doctor Deseo bezain talde ospetsua ekartzea?
Doctor Deseok bi urtetik behin jotzen du eta aurten biran zeudela aprobetxatuz, eskaintza egin genien. Gainera, aurten, kontzertua inoiz baino bereziagoa izango da; kutsu hori edukiko du emanaldiak.
Eta antolatzaileok noiz hasten zarete dena lotzen?
Aurten otsailean hasi gara. Eurekin kontaktuan jarri, lekua erakutsi eta abar. Aurten, gainera, Arte Ederretako ikasle batek egin du kartela.
Zelako aurpegia jartzen dute kontzertua eskainiko duten lekua eliza bat dela ikustean?
Aurpegia erabat aldatzen zaie. Espero izaten dute areto bihurtutako eliza bat edo bestelako zer edo zer. Doctor Deseoren kasuan, lekua bera ikusi zutenean, ikuskizuna goitik behera moldatu beharko zutela esan ziguten.
Dena aldatu behar baldin badute, beste inon ikusi ezingo den kontzertua izango da domekan Lekeition eskainiko dutena, ezta?
Horrela da. Ustez, beste inon ikusi ezingo dena ikusi ahalko dute herritarrek domekan Lekeition. Taldeak ikuskizun guztia aldatzea guretzat detaile bat da.
Sarrerak salgai daude, ezta?
Bai. Martxa onean doaz baina sarrera mugatuak izango dira. 300 sarrera edo zertxobait gutxiago salduko ditugu.
Kontzertua eserita ikustekoa izango da?
Elizako bankuetan jarri ahalko dira ikusleak. Baina elizako atzeko aldean zutik ere egon ahalko dira batzuk.
Batek baino gehiagok ezingo dio eutsi gorputzari eta dantza egiteko gogoa sartuko zaio.
Horiek atzeko aldean egon ahal dira, eta han, zutik, dantza egin ahalko dute.
Konpañiko elizaren kudeaketa nork darama, elizak berak?
Bai, bai.
Eta elizan kontzertuak emateko ideia aurkeztu zenietenean, zer nola erantzun zuten?
Hasiera-hasieratik prest agertu ziren. Konpañiko eliza jaietan itxita egoten da eta irailaren 1a heltzen denean, elizako giltzak ematen dizkigute eta gu arduratzen gara dena. Gero, behin ekimena egin eta gero, guk dena txukun-txukun lagatzen diegu. Egia esan, elizakoek eskaintzen diguten aukera asko eskertzen dugu; guk ekimena egin ahal izateko prest agertzen dira.