Garapen Planaren aurkezpena
https://www.youtube.com/watch?v=v6YIq4mU7RQ Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea buru dutela, gaur [irailak 5] herriko garapen taldeak agerpena egin du. Garapen planaren barruan udazkenerako prestatu dituzten egitasmoen nondik norakoak aurkeztu dituzte Marta Amonarriz udalturismo teknikari eta Garapen arloko koordinatzaileak, Cristina Zumeta Debegesako Garapen teknikariak, Yanoba Mariezkurrena nekazaritza teknikariak eta Maria Txakartegi Garapen taldeko teknikari eta Balea elkartearentzat lanean ari den kideak, alkatearekin batera.

Marta Amonarriz, Cristina Zumeta, Joseba Palenzuela, Yanoba Mariezkurrena eta Maria Txakartegi, gaur goizeko agerraldian
Garapen Plan berriak ekintzaileak identifikatu eta horiei formazioa emango die, behar dituzten baliabide eta tresnak eskainiz2014-2015 Garapen Planak hiru ildo nagusien inguruan egingo du lana. Alde batetik, ekintzaile berriak erakarri nahi ditu aurkeztutako proiektura, eta, beste alde batetik, ekintzaile horiei formakuntza bat eskani nahi zaie. Era berean, Mutrikuko Udala ekintzaile horien “bidelagun” izango dela azpimarratu du alkateak. 2014ko maiatzean zuEKIN! deritzon egitasmoa jarri zen martxan Mutrikun, betebeharreko ekintzak identifikatuz. Guztira, 65 lagunek parte hartu zuten zuEKIN! programan. Guzti horietatik 8 lagunekin lanean jardun dute azken hilabeoteotan garapen taldea osatzen duten teknikariek. “8 lagun horiez gain, etorkizunean ekintzaile berriak erakarri nahi ditugu proiektu berri honetan parte hartzeko”, azpimarratu du Palenzuelak.
Alkateak adierazi duenez, Aldundiak begi onez ikusi du 2014-2015 Garapen Plana. “Herriko ekonomia sustatzeko ekimen hau guztiz egokia iruditu zaio; eta diruz laguntzeko aukera lantzen ari dira”.
Aldundia ez eze, Garapen Plan berria aurrera eramateko Debegesa, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartearen erabateko laguntza izango du Mutrikuko Udalak. “Debegesak ekintzaileekin zuzenean egingo du lana eta mutrikuarrak ekimen honetan parte hartzera animatu nahi ditugu”, adierazi du Cristina Zumeta Debegesako Garapen teknikariak.
Nekazaritza sektorearentzako interesgarria litzateke herrian bertan ekoizten den produktua Mutrikun bertan kontsumitzeaEra berean, Garapen Plan berriaren helburuetako bat herriko merkatu plaza eta nekazaritza suspertzea da. “Herrian bertan ekoizten dena Mutrikun kontsumitzeko helburuak berebiziko garrantzia du. Lur funtsa eta salmenta bidea hori guztia lortzeko bideetako bat da”, agertu du Yanoba Mariezkurrena nekazaritza teknikariak. Arrantzari dagokionez, berriz, hartu beharko liratekeen neurrien artean, artisau arrantza eta akuikultura bultzatu beharra dagoela esan du Maria Txakartegi Garapen taldeko teknikari eta Balea elkartearentzat lanean ari den kideak. Proposatzen diren neurrien artean “arrain salmenta lojaren erregularizazioa eta portua biziberritzearen beharra” dagoela gaineratu du Txakartegik. UDAZKENEAN MARTXAN JARRIKO DIREN EGITASMOAK Urriaren hasieran Mutriku ekinean deritzon ekimena martxan ipini dutela esan du Marta Amonarriz udalturismo teknikari eta Garapen arloko koordinatzaileak. “Ideiak lantzeko eremu bat izango da. Hilabetean ideiak garatzeko tartea egongo da aholkularitza zuzenarekin bai teknikarien aldetik eta Debegesatik”. Mutriku ekinean egitasmoaren atzetik, azaroaren hasierako lehen bi asteetan, Zure proiektua habian jarri egitasmoarekin aurrera jarraituko dute. “Askosaz tailer konkretuagoak izan dira. Aurreko ekimenean ekintzaileek sortutako proiektuek zer laguntza behar duten zehazten joango gara sektoreka banatuta”, gaineratu du Amonarrizek. Aurkeztu dituzten bi egitasmoez gain, urte bukaerarako, herriko gazteei begira GazteEKIN! deritzon proiektua eta Enpresa Ideien I. lehiaketa ere jarriko ditu martxan Mutrikuko Udalak.
- Data: irailak 29 eta urriak 1, 3 6, 8 eta 10
- Ordutegia: 09:00-13:00 artean
- Gaiak: Sormena bultzatu, negozio ideia berriak sortu, ekintzaileen arteko harremana…
- Kopurua: Gehienez, 15 ekintzaile
- Data: azaroak 3, 4, 5 eta 10, 11, 12
- Ordutegia: 09:30-13:00
- Gaiak: Bideragarritasun plana landu, plan komertziala landu, marketing plana, finantziazio plana…