
Urtero legez, Santi Brouard frontoia pilotazalez beteko da pilotarien ikuskizunaz gozatzeko gogoz. 17:00etan hasiko da lehenengo partidua. Arretxe II-ak eta Ladis Galarzak Tolosa eta Altuna III.aren kontra jokatuko dute.
Jarraian jokatuko dute binakako txapelketako finala Juan Martinez de Irujok eta Jose Javier Zabaletak Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisuren kontra.
Finala amaitzean, Apezetxea eta Larrinaga eta Olaetxea eta Larunberen arteko norgehiagokaz gozatuko dute pilotazaleek.
Finalerdietan lehia estua
Zapatuan jokatu zuten lehen finalerdia. Urrutikoetxeak eta Albisuk Arretxe II.aren eta Beroizen kontra 22-14 irabazita lortu zuten finalera sailkatzea. Beste finalerdia, berriz, martitzenean jokatu zuten, eta lehia estua izan zuten pilotariek. Martinez de Irujok eta Zabaletak 22-21 hartu zituzten mendean Xala eta Zubieta.