Ondarroako
Zubi Zahar herri ikastolak antolatuta,
Txapela burun eta ibili Ondarrun jaia egingo da Ondarroan zapatuan. «Udari agur esan eta udazkenari ongietorria emango» dion eguna prestatu dute guraso elkarteko kideek.

Zapatuko jaia
egitarau zabalagaz dator, baina, batez ere, txapelari omenaldia egiteko eguna izango da. 12:30etik aurrera, Zubi Zaharraren inguruetan txapelaren erabilpena historian nolakoa izan den azalduko da. Izan ere, «txapelak euskal kultura eta nortasuna irudikatzen» dituela nabarmendu dute antolatzaileek.
Herri guztiari jaian parte hartzera gonbidapena egin nahi diote antolatzaileek. «Guztiok parte hartzera gonbidatuta zaudete. Txapela jantzita baldin bada, hobe. Modu horretara euskal txapelari dagokion garrantzia emango diogu».
Txapela janzteko dei zabala
13:00etako txupinazoak eta txapelaren etorrerak emango dio jaiari hasiera ofiziala. Hala ere, antolatzaileek jaian parte hartuko dutenei 12:55erako Erretegi aurrean egoteko deia zabaldu diote. «Txupina bota ostean, Erretegi aurrean batuko garen guztiok, bakoitzak norbere txapela jantzita ongietorria emango diogu jaiari. Handik Alamedara joango gara kalejiran guztiok batera».
Txapela burun eta ibili Ondarrun egunean egingo diren ekimenen artean, txapelagaz lotutako ekimenen bat edo beste egongo dira. 18:30etik aurrera,
txapel jaurtiketa egingo da Alamedan. Horrez gain, partxis erraldoian parte hartzeko aukera ere ekarriko du Zubi Zahar ikastolak antolaturiko jaiak.
Ikastola bizitzen ari den egoera ekonomikoa kontuan edukita,
zapatuko moduko jai batek ekonomikoki bultzada handia emango lioke Zubi Zahar herri ikastolari. Hain zuzen ere, «azkenaldian hezkuntzan jasan diren diru laguntzen murrizketak direla eta, hezkuntza proiektua gauzatzeko dirua batzea» da herri ikastolaren helburua.
EGITARAUA