Cabaret Chihuahua musikala azkenera ailegatzen ari da. Eta ikusleek hil honetan daukate aukera hain ospe handia hartu duen ikuskizuna ikusteko. Aktoreen artean daude bi ondarrutar, Iñaki Maruri eta Ugaitz Alegria.
Ikuslegoak eskatuta, lantaldeak iaz abiarazi zuen ikuskizunari jarraipena eman dio aurten ere.
«Sarrerak agortuta», «zein ona!», «mundiala»… eta bestelakoak entzun izan dira azkenaldian
Cabaret Chihuahua ikuskizunari buruz. Eta aktore protagonistak pozarren daude. Iñaki Maruri ondarrutarrak ikuskizuna jaiotzen eta hazten ikusi du eta aktore legez, parte hartzeaz gain, musika zuzendariaren kargua ere badauka. «Iazko Bilboko Aste Nagusian hasi ginen eta gutxinaka, ikuskizuna ospe ona hartzen joan da. Iazko irailean eta urrian ikuskizunagaz aurrera jarraitu genuen eta hortik Gabonetara pasatu ginen. Gero Aste Santuak etorri ziren eta aurtengo udan ere berriro eskaini dugu», azaldu du.
Behin iraileko datak amaitu eta gero,
herri ezberdinetan Cabaret Chihuahua-ren ikuskizun solteak eskaini eta beste proiektu bati ekingo diotela dio Marurik.
Oro har, ikuslegoak eduki duen erantzunagaz «oso pozik» daudela dio. «Ikuskizunagaz hasi ginenean ez genuen horrelako erantzunik espero; behintzat horrenbeste jende edukitzea ez genuen espero. Sarrera asko, %90 inguru, aurretik erreserbatuta egoten dira eta hori ona da».
Ikuskizunagaz batera hazten
Pertsonalki,
Cabaret Chihuahua-k esperientzia gehiago eman diola dio. «Ikuskizun bakoitzean bi ordu ematen ditut agertokian eta horrek esperientzia eman dit. Beste alde batetik, inprobisazioa lantzeko aukera gehiago ere eman dit», gaineratu du Marurik.
Pertsonalki, Cabaret Chihuahua-k esperientzia gehiago eman diola dio Iñaki Maruri aktore ondarrutarrak; Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra ere pozik dago, musikalak gustuko dituelako
Nekatzen diren edo ez galdetzean, Marurik egunak eta egunak daudela dio. «Aste Nagusian, esaterako, hainbeste egun jarraian ikuskizuna eskainita, gorputza, eztarria, nekatu egiten dira eta hori nabaritu egiten dugu. Baina dagoena dago».
Lea-Artibaiko ikusleak
Lea-Artibaiko herritarrak ere ikuskizuna ikustera joan direla dio. «Horrek ilusio bikoitza ematen digu. Kritikak ere gogorragoak izan ahal dira, baina momentuz,
Cabaret Chihuahua ikustera etorri direnak, gustura geratu dira».

Ikuskizuna behin baino gehiagotan ikusi dutenak ere badaude. «Emanaldiak beti dira ezberdinak; antzerkian hori gertatzen da».
Eta ikuskizuna behin baino gehiagotan ikusi dutenen artean dago
Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra. Ikustetik protagonista izatera pasatu da Alegria. «Estreinako ikusi nuenean, asko gustatu zitzaidan eta gerora beste hiru aldiz-edo joan naiz ikustera».
Baina
Cabaret Chihuahua-ko aktore batek irailean jarraitu ezin zuela eta, Alegriari haren hutsunea betetzeko eskatu zioten. «Eta eskaintza pozarren onartu nuen».
Cabaret Chihuahua-k kritika soziala egiten duela ere azaldu du Alegriak: egun bizi dugun krisi ekonomikoa, jarrera kontsumistak… dira ikuskizunaren jo puntuak
Ikuslegoaren aulkitik, teloiaren atzeko aldetik eta agertokitik bertatik, hiru ikuspegietatik, ikuskizuna desberdin ikusten dela dio.
Cabaret Chihuahua-k kritika soziala egiten duela ere azaldu du Alegriak. «Ikuskizunak mezu bat bidaltzen dio ikusleari, hori bai, ironiagaz eta modu umoretsu baten. Gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoa, jarrera kontsumistak… dira ikuskizunaren jo puntuak».
Musikalean parte hartzeko gonbitea pozik hartzeaz gain, helduei zuzendutako musikala izateak ere asko poztu du Alegria. «Musikalak beti gustatu izan zaizkit. Eta azkenaldian dantzatu, abestu eta denetarik egin dut agertokian. Baina ikuskizun honek horiek guztiak biltzen ditu».
Horrela ba, bi aktore ondarrutarrek herritarrei azken aukera ez galtzeko aholkua eman diete: «datozela!».
‘Cabaret Chihuahua’
Non?
- Pabellon 6. Ribera Kalea, 47. Bilbo.
Ikuskizunaren datak
- Gaur eta bihar. 23:00etan.
- Irailak 19 eta 20. 23:00etan.
- Irailak 21. 20:00etan.
- Irailak 25. 21:00etan.
- Irailak 26 eta 27. 23:00etan.
Erreserbak
- Telefonoz. 639 766 720 (ordainketa ez da aldez aurretik egiten, egunean bertan baino).
- Interenetez. www.pabellon6.org/reservas.