Aingeru Cardañoren askatasuna eskatzeko, 2011. urtean egindako elkarretaratzea, Munitibarren.
Atzo eduki zuen epaiketa, Angela Murillo epaile zela. Hain zuzen, 2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatzen diote Cardañori. 10:00etan zen hastekoa epaiketa, baina, azkenean, 11:00etan eman zioten hasiera, eta 14:30era arte luzatu zuten. Munitibartik hainbat lagun joan ziren epaitegira, Cardañori babesa ematera.
Fiskalak ertzainen adierazpenak frogatzat erabili zituen atzoko epaiketan. Hala, hainbat ertzainek deklaratu zuten atzo; 2001eko gertaera hartan atestatu lanak egin zituztenak izan ziren batzuk, eta beste batzuk, berriz, orduko hartan DNA probak egin zituztenak. Izan ere, ertzainen arabera, kutxazain automatiko horietan aurkitu zituzten DNA laginak batdatoz Cardañorenekin.
Abokatuak bere aldetik, berriz, 2001ean gertatutako ekintza bat dela kontuan hartuta, kasua preskribatzea eskatu zuen atzoko epaiketan. Munitibarko bizilaguna “lasai” dela adierazi dute bere ingurukoek; hala ere, epaiaren zain da.
Epaitegian ez ezik, Munitibarren bertan ere adierazi zioten babesa herritarrek Cardañori. Hain justu, 55 lagun bildu ziren atzo iluntzean Munitibarren egindako elkarretaratzean.