Galletebeitia eta Elortegi ere finalaurrekoetan egongo dira
Azken kanporaketa ere jendetsua izan zen; 300 lagunetik gora batu ziren domekan Zeanuriko Ibarreta frontoian. Horretan, Galletebeitiak (372 puntu) bigarren egin zuen, Imanol Uriaren atzetik (376,5), eta Elortegik (359,5) hirugarren. Elortegik zortziko txikian gainontzeko bertsolariek baino puntu gehiago lortu zituen (115). Galletebeitiak, ostera, kartzelako saioan aurkariak gainditu zituen (82,5). Zortziko handian eta puntu erantzunetan Uria gailendu zen. Eskualde bakoitzetik lau. Bost kanporaketa saio egin eta gero, #Josi Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak hasiko dira orain. Finalaurrekoetan egongo diren Lea-Artibaiko bertsolariak ondokoak dira: Iratxe Ibarra, Joseba Artza, Gorka Ostolaza Potxis eta Xabat Galletebeitia. Busturialdetik ere lau bertsolari ariko dira finalaurrekoetan: Onintza Enbeita, Ander Elortegi, Julen Erezuma eta Ibon Ajuriagojeaskoa. Finalaurreko guztiak 17:30ean hasiko direla jakitera eman du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Eta finalaurrekoak jokatu eta gero, finala abenduaren 20an izango da, Bilboko Bilbao Arenan.
FINALAURREKOAK ETA BERTSOLARIAK 1. FINALAURREKOA
- Azaroak 22, Etxebarrian. Fredi Paia, Iratxe Ibarra (Markina-Xemein), Miren Amuriza, Eneko Abasolo, Joseba Artza (Etxebarria) eta Ander Elortegi (Gernika-Lumo).
2. FINALAURREKOA
- Azaroak 30, Urdulizen. Etxahun Lekue, Onintza Enbeita (Muxika), BeƱat Ugartetxea, Gorka Ostolaza Potxis (Markina-Xemein), Xabat Galletebeitia (Lekeitio) eta Julen Erezuma (Gernika-Lumo).
3. FINALAURREKOA
- Abenduak 7, Zornotzan. Arkaitz Estiballes, Jone Uria, Oihana Bartra, Imanol Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa (Gernika-Lumo) eta Garikoitz Sarriugarte.