Mutrikuarrek hitz egin dute. 4.411 herritar zeuden hondakin bilketa sistema aukeratzeko bozketara deituta eta horietatik 2.337 izan dira botua eman dutenak (%52,96ko parte hartzea). A aukerak (edukiontzi bidezko hondakin bilketa sistema) 1.915 botu jaso ditu eta B aukerak (bilketa mistoa). 1.153 emakumek eman dute botua eta 970 gizonezkok.
Aldez aurretik emandako botuak 732 izan dira eta eta 1.605 zuzenean. Botu zuriei dagokinez, 4 izan dira eta balioagabeak 7.
Alkatearen hitzak. “Herritarrek erabaki dutena, bilketa nola egingo den izan da. Bilketa sistema hobetzeko egindako prozesu honen guztiaren helburua, ordea, ez zen sistema erabakitzea, birziklatze-tasa %60koa izatea da mutrikuarrok lortu behar duguna”, nabarmendu du Hondakinen Batzordeko buru eta herriko alkate Joseba Palenzuelak.
Halaber, parte hartzearekin ere pozik agertu da Palenzuela. “Oso pozik gaude mutrikuarren parte hartzearekin: bai azken hilabeteetan martxan egon den parte hartze prozesuan, baita euren iritzia zein den erakusteko momentuan ere”, aitatu du. Bozka emateko eskubidea zutenen %25aren muga erruz gainditu du parte hartzeak, horrek erabakia loteslea izatea dakar. “Orain herritarrei arduraz jokatzeko eskatuko nahiko genieke, eta eurek hartutako erabakiaren koherente izateko; hau da, sistema berria martxan jartzean, herritarrek eurek erabakitakoa errespetatu beharko dute, ezarritako sistemaren arabera kudeatu beharko dituzte hondakinak”.
Birziklatze tasa. Mutrikuko birziklatze-tasa, gaur gaurkoz, %27koa da. “Gipuzkoa mailan gutxien birziklatzen dutenen artean gaude. Hori aldatu beharra dago, eta horretarako, herritarren inplikazioa guztiz beharrezkoa izango da”.
Behin sistema erabakita, haren inplantazioa eta jarraipena Hondakinen Batzordearen esku geldituko dira. Horrez gain, helburua lortzen dela ziurtatzeko neurri zuzentzaileak ere ezarriko dituzte. “%60ko birziklatze-tasa ez da aukera, helburua baizik. Sistema martxan jartzean tasa hori lortuko ez balitz, Udalak egoera bideratzeko zer egingo duen edota nola jokatuko duen zehaztuko dugu”, azaldu du Palenzuelak.
Horrekin batera, Udalak birziklatzearen aldeko kontzientzia hedatzeko, sustatzeko eta bultzatzeko lan egingo duela ere jakinarazi du alkateak. “Birziklagarria den materia guztia dagokion edukiotzietara botatzea jokabide normalizatua izateko bidea egin behar dugu. Mutrikuarrentzat birziklatzea aukera naturala izatea da lortu nahi duguna: egunerokotasunean, berez egiten dugun ohiko ekintza izan beharra dauka. Eta hori da, dudarik gabe, Udalaren erronka nagusia”.
Edukiontzi bidezko bilketa sistemaren ezaugarri nagusiak:
Papera eta kartoia, ontzi arinak eta beira, gaur egun bezala jasoko dira.
Organikoa eta errefusa, txip bidezko edukiontzien bidez jasoko dira.
Txip-a duten edukiontzi bakoitzean, batazbeste, 175 biztanlek edukiko dute sarbidea.
Saltoki handiek papera eta kartoia banatuko zaizkien kuboen bidez aterako dute, aztean bitan. Saltoki txikiek, berriz, astean behin aterako dute. Eta atean bertan jasoko zaie.
Saltokiek ere orgabikoa eta errefusa dagokien txipdun edukiontzietara bota beharko dute.
Saltokietan ere ontzi arinak eta beira dagokien edukiontzietara eraman beharko dituzte, orain arte bezala.
OHARRA: Sistema mota behin erabakita, sistemaren zehaztasun guztiak lantzen hasiko da Hondakinen Batzordea, Mankomunitatearekin elkarlanean. Herritarrei sistemaren nondik norako guztien berri emango zaie momentu oro.
[nggallery ID=183]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.