Beste behin ere PERUrEKIN elkarteak joan den zapatuan Ondarroan egindako bigarren eskuko azoka solidarioak «erantzun ona» eduki du; elkarteak 1.040 euro bildu ditu. Elkarteko bolondresek materiala eroan dutenei zein azokan erosi dutenei eskerrak eman nahi izan dizkiete. Lortutako dirua «uste baino gehiago» dela azaldu du Amagoia Monasterio PERUrEKIN elkarteko kideak. «Aurten iaz baino jende gutxiagok ekarri du azokan salgai jartzeko materiala, eta uste genuen azoka egingo genuen egunean ere jende gutxiago etorriko zela erostera. Azkenean, baina, ez da horrela izan eta nahikoa diru lortu dugu».
Amagoia Monasterio eta Idoia Fernandez, PERUrEKIN elkarteko kideak, zapatuan, Ondarroako azokan.
Emaitzagaz «pozik» daudela gaineratu du Monasteriok. Eta bide horretatik, datorren urtean ere azoka solidarioa egin egingo dutela jakitera eman du. Azoka udal erakusketa areto barruan egin zen zapatuan, euria ari zuelako. Iaz ere barruan egin zen, baina duela bi urte, Alamedan egin zen. Iaz, esaterako, 1.271 euro batzea lortu zuten.
Azoka eguna. Orokorrean, azoka egunean, giro ona izan zen nagusi. Herritarrek denetarik eduki zuten, aurreko urteetan modura: jostailuak, neguko arropa, udakoa, zapatak, liburuak, etxeko elektrotresnak… Eskaintza zabala zegoen aukeran. Bildutako diru guztia zuzenean Perura bidaliko dutela gogora arazi du Monasteriok: «Den-dena bidaliko dugu Perura, zuzen-zuzenean». Aurtengoa eginda, datorren urtera begira jarri dira orain elkarteko kideak.
PERUrEKIN elkarteak Ondarroan antolatutako azoka.