Egun hauetan posta elektronikoz heltzen ari den ohar batengatik alarma piztu du Ertzaintzak. Correos posta-enpresaren ohar faltsu batek ordenagailua bahitzen duen birus bat deskargatzera gonbidatzen ditu biktimak, eta ondoren dirua eskatzen diete ordenagailua askatzeko.
Internet erabiltzaileak mezuak modu masiboan ari dira jasotzen, batez ere gaur goizean [abenduak 4]; partikularrek eta erakunde eta enpresek ere jaso dituzte aipatu mezuak. Ertzaintzaren esanetan, “itxuraz, mezuak Correos enpresatik iristen dira (Espainiako posta-zerbitzuko eta paketeriako operadorea), eta hartzaileak jaso ezin izan duen pakete baten bidalketaren inguruko ohar faltsua egiten dute”.
Oharra, itxuraz, egiantzekoa da. “iruzurgileek manipulazio oso landua egin dute”: Correosen logotipoa eta kolore korporatiboak erabili dituzte. Hartzaileak jasotzen duen mezuak bidalketaren inguruko ustezko informazioa deskargatzeko esteka bat jasotzen du (
correos.net domeinua erabiltzen du). Baina estekak egiaz beste orri batera bidaltzen du, eta
captcha bat betetzeko eskatzen du (pantailan apurtxo bat distortsionatuta dauden karaktere sorta).
Correosen ohar faltsua, Interneteko erabiltzaile batek posta elektronikoan jasota.
Urrats hori egin eta
Intro tekla sakatzerakoan, ZIP fitxategi konprimitu bat deskargatzen da erabiltzailearen ordenagailura, troiar batekin. Konprimitutako fitxategia ireki eta exekutatutakoan, ordenagailuaren datuak enkriptatzen dituen programa bat aktibatzen da eta datuok eskuraezin bilakatzen ditu (
ramsomware izeneko datu-bahiketa bat gertatzen da).
Amaitzeko, biktimak handik denbora laburrera beste mezu elektroniko bat jasotzen du. Bertan, ordenagailuaren bahitzaileek ordenagailua desblokeatzeko dirua eskatzen dute. “Diru hori bankukoak ez diren ordainketa sistemen bidez egin behar da, iruzurgileak harrapatzeko arrastoak saihesteko helburuarekin”.
Ertzaintzak horrelako mezuak jasoz gero ezabatzeko gomendioa egin du, “ireki gabe”. Zalantzarik izanez gero, Correosekin berarekin kontsultatzeko ere gomendatzen du Ertzaintzak.