Urte askoan bertsotan aritu ostean, Xabat Galletebeitia (Lekeitio, 1986) Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean egongo da zapatuan [abenduak 20], Bilboko Miribillan. Iratxe Ibarragaz batera (Markina-Xemein), txapela eskualdera ekartzen saiatuko da Galletebeitia. Lekeitiarrak laugarren urtez parte hartu txapelketan, baina aurten inoizkorik hurrunen ailegatu dela dio.
Espero al zenuen finalean egotea edo uste-uste barik heldu zara?
Egia esan ez nuen espero finalera heltzea. Duela bi urteko txapelketan gauzak ez zitzaizkidan nik nahi modura atera eta aurtengo txapelketa ilusio bereziagaz hasi nuen. Prestakuntzan ere gogotsu ibili naiz.
Aurreko txapelketa baino hobeto prestatu duzu aurtengoa?
Bai eta ez. Duela asko hasi ginen Gorka Ostolaza
Potxis, Ander Elortegi eta hirurok txapelketa prestatzen. Mentalki bai prestatu dut hobeto. Nire jarrera eta gogo aldetik baietz esango nuke. Aurten askoz ere indartsuago egon naizela esango nuke.
Bai, zer edo zer bai, ze begira nora ailegatu zaren.
Hasiera baten nire helburua finalerdietara ailegatzea zen. Finalerdietan oso gustura geratu nintzen egindako lanagaz eta gero finalaurrekoak etorri ziren.
Xabat Galletebeitia bertsolari lekeitiarra.
Beraz, finalerdiak gaindituta, hasierako helburuak bete zenituen.
Gustura sentitu naiz eta nahiz eta helburuak bete, gero, hortik aurrera, ahal dudan guztia eman dut. Lasai eta presio barik egin dut bertsotan finalaurrekoetan. Finalaurrekoan bertan ez nintzen konziente saio ona egiten ari nintzela. Baina gero, puntuazioa ikusterakoan, sorpresa bat izan zen niretzat ere.
Zu zeu ere harritu egin zinen?
Bai. Oholtza gainean nengoenean ez nengoen oso-oso gustura; nolabait esateko ez nengoen ondo pastatzen. Ondorioz, ez nuen espero heldu nahizen lekura heltzea.
Atzera begiratuta, zer egin zaizu zailena?
Bizkaiko kanporaketa egin aurretik eskualdekoa egin genuen. Eta horretan, ez nuen nik nahi beste puntu atera. Nahiko justu pasatu nintzen Bizkaiko txapelketara. Bizkaiko txapelketan eduki dudan gogo hori ez nuen eduki eskualdekoan. Eta hor, arantza bat geratu zitzaidan. Orain, Bizkaiko txapelketa finalera heldu ostean, arantza hori kendu dut.
Konziente zara zapatuan non egongo zaren?
Neurri baten ez dut nahi horretan pentsatu ere egin. Baina inguruko jendeak behin eta berriz gogora arazten dit non egongo naizen. Momentuz, baina, horretan askorik ez pentsatzen saiatzen naiz. Momentu disfrutatzen ari naiz. Nik eskertzen dut jendeak ni zoriontzea, lagunak nirekin daudela ikustea… Guzti horrekin gozatzen ari naiz eta gero, momentua heltzen denean, datorrena datorrela.
Urduritasunari nola aurre egiten diozu?
Normalean, saioetan, agurra bota ostean bertsolariok baretu egiten gara. Zozketa eta egiten denean urduritasun puntu hori egoten da baina behin agurra botata, lasaitu egiten gara. Dena den, egunaren araberakoa izaten da.
Urte asko daramatzazu bertsolaritzan.
Berez 14 urtegaz hasi nintzen. Gero, urte batzuetan, utzi egin nuen. Baina azken zortzi urteetan jarraian ari naiz.
Eta momentuz, lehiaketei dagokienez, urrunen ailegatu zaren momentu da hau.
Bai. Nerea Ibarzabalegaz batera Plazatik Gaztetxera irabazi nuen eta gero, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan ere egon naiz, baina finalera ez naiz inoiz heldu.
Finalera uste-uste barik ailegatu zarela esan duzu. Behin hau lortuta, beste meta berri batzuk finkatu dituzu?
Momentuz, epe luzera, ez dut helbururik ipini. Txapelketa amaituko da eta ostean ikusiko dut zeintzuk helburu ipini.
Orokorrean, zer esaten dizu jendeak?
Egin dudanagaz harro egoteko esaten didate; pozik egoteko eta gozatzeko. Berotasun hori sumatu dut. Nori ez zaio gustatzen gauza onak entzutea? Gero, txarrean, betiko jendea aldamenean daukazu eta horrek balio du. Dena den, ezagutzen ez duzun jendea zugatik poztu egiten dela jakitea sekulakoa da. Horrek aurrera jarraitzeko bultzada ematen dizu.
Suposatzen dut kritikak ere berdin-berdin egingo dizkizuleta.
Nola ez. Euskal Herrian bertso-epailerik ez da faltako. Nik, onerako kritikak badira, denak onartzen ditut. Bertsolari izateak hori dauka, bertsotan jakiteko entzuten ere jakin egin behar da. Hori da lehenengo legea.
Entzuten esan duzula… Saio bat egiten duzunean, gero zuk zure burua ikusten al duzu?
Bai. Kasu horretan, gainera, momentu horretan nola zeunden ere aztertzen duzu.
Aurkariei dagokienez, zelan ikusten dituzu beste bertsolariak?
Pozik nago guztiok ezagutzen garelako. Finalean nigaz batera egongo diren zazpi bertsolariekin harreman ona daukat eta ez diot inori ikararik. Uste dut asko lagunduko didala zazpi bertsolariak bertso-lagun izateak. Alde horretatik, lehiakortasunik ez daukagu. Jakin badakigu txapelketan gaudela eta oholtza gainean gaudenean zer egin behar dugun. Dena den, momentu horren aurretik eta atzetik nahiko giro ona daukagu gure artean.
Zu entzuten milaka lagun daudela jakiteak zer suposatzen dizu?
Behin kopuru batetik aurrera berdin dio. Hori esaten dut baina inoiz ez dut 4.000 pertsonen aurrean kantatu. Momentua bizi arte ez dut jakingo. Dena den, saio jendetsuetan, askotan, gu ez gara konzieten izaten zenbat jende dagoen aurrean.
Nola prestatzen duzu txapelketa bat?
Nik ez dakit beste bertsolariek zelan egiten dute. Aurten, Potxis, Elortegi eta ni hasieran astean behin elkartzen ginen eta ariketak egiten genituen. Gero astean bi aldiz batzen hasi ginen. Elkarrekin ofiziozka eta aritzeaz gain, bakoitzak genituen kezkak, zalantzak eta abar ere komentatzen genituen. Nik uste hori izan dela aurten gakoa. Txapelketaren kontura berba egiten genuen, baina lagun modura ere berba egin dugu. Prestatzen ere gozatu egin dugu eta nik uste hori izan dela gakoa; horretan ere ondo pasatu dugu.
Potxisek eta Elortegik zer esan dizute?
Badakit nigatik poztu direla, eta hori pozgarria da niretzako. Elortegik berak ere oso txapelketa ona egin du eta finaleko atarian geratu da. Potxiseri, finalerdietan, aurretik gertatu izan zaiona gertatu zaio: ez du bere onena eman azken saio horretan. Dena den, ni finalean banago ere, hirurotako edonor izan zitekeen.
“Aurtengo sorpresa” izan zarela diote asko eta askok.
Jende askok esan dit hori. Bertsotan urte asko badaramatzazkite ere, konziente naiz maila honetara inoiz ez naizela ailegatu. Sorpresa izan naizela esaten didatenean, ondo hartzen dut. Aurtengoa sorpresen txapelketa zela esan nuen, eta nik horren parte izan nahi nuela esan nuen; izan naiz eta izaten jarraituko dut.
Azken galdera. Txapela janztea lortuko bazenu…?
[Kar-kar-kar]. Ametsetan bai. Ni oso errealista naiz eta aukera hor dago. Baina gauza asko pasatu beharko lirateke nik txapela janzteko. Lortuko banu, jantzi eta horrekin joango nintzen kalera.