Arantza Zulueta urtebete bakartuta daukatela salatu dute haren lagunek
Bilboko Unamuno plazan elkartu ziren zapatu goizean haren egoera salatu eta isolamenduagaz amaitzea eskatzeko. Autobus bete lagun joan zen Lekeitiotik ere agerraldian eta osteko giza katean parte hartzeko.
2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zituzten Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Bitartekaritza Taldeko kideak Aintzane Orkolaga, Mikel Almandoz, Asier Aranguren, Egoitz Lopez de la Calle, Jon Enparantza, Jose Campo eta Arantza Zulueta, eta atxilotutako taldekide guztien egoera latza bada ere, Jon Enparantzak eta Arantza Zuluetak pairatzen dutena are latzagoa dela azpimarratu dute, urtebete daramate eta isolatuta. “Lau orduz ateratzen dituzte patio txiki batera; Senitartekoak eta sei hilabetero izaten duten zerrendako hamar lagunak baino ezin dituzte ikusi funtzionarioez gain, eta kartzelako gainontzeko presoekin ( politiko zein sozial ) ezin dute harremanik izan”, azaldu dute.
Jon Enparantzak eta Arantza Zuluetak jasan behar duten salbuespeneko egoera hau, urte betez luzatu den isolamendua, “Espainiako Gobernuaren mendeku ankerra” dela diote Zuluetaren lagunek. “Tortura besterik ez da, pertsonak suntsitu eta ezabatu nahi dituena eta egunero pairatzen ari direna”.
Bakearen bidean ezinbestekotzat ikusten dute presoen partaidetza, eta Bitartekari Taldea euskal preso politikoen ahotsa eragile politiko eta sozialei helarazteko, kolektiboaren hausnarketak ezagutzera emateko eta Foro Soziala bezalako topaguneetan zabaltzeko sortu dela argitu dute. “Zeregin horretan, kolore guztietako alderdi politikoekin, agintariekin, sindikatuekin, gizarte eragileekin eta munduan zehar bakearen alde lan egiten ari diren adituekin batzartu ziren. Bitartekari Taldeko kide guztiak bakea egonkortu eta gatazkaren ondorioak gainditzearen alde jardun dute. Horra euren delitua”, azpimarratu dute.
Zuluetaren lagunen ustez, Bitartekari Taldea preso hartzeko arrazoi nagusia bake bidea oztopatzea izan da. “Espainiako agintarien asmoa presoak babesik gabe, berbarik gabe eta jendartearekin solaskidetzarik gabe uztea izan da”.
Lagunek jakitera eman dutenez, Zuluetaren baldintzapeko askatasun eskaerari ezetza eman dio oraintsu Audientzia Nazionaleko epaitegi batek, eta epaile batek bere jarrera zigortzeko arrazoirik zegoen zalantzan jarri zuela diote. “Ez hori bakarrik, Jose Ricardo de Prada Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen hitzetan bere eginkizuna ez zegoen zuzenduta terrorismoa bultzatzera, baizik eta alderantziz, presoen egoerari irtenbidea bilatzera baizik, eta eginkizun hori delitutzat jotzeko zalantzak azaltzen ditu”. Beraz, lagunentzat, argi dago auzi hau politikoa dela, eta Bitartekaritza Taldeak ez duela inolako deliturik egin. “Gure lagunei ezarri dieten egoerak oinarrizko eskubideak urratzen ditu. Horregatik, Arantza eta Jon Enparantza pairatzen ari diren isolamendu egoera ankerra bertan behera uzteko exijitzen dugu. Horrekin batera, Bitartekaritza Taldeko kideen baldintzarik gabeko askatasuna eskatzen dugu”, azpimarratu dute.
Zapatuan Bilbon egingo den sakabanaketaren kontrako manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten amaitzeko.

