Izatez, Munitibarren hasi eta Aulestira doan hodia egin beharko litzateke. Behin hori eginda, Aulestitik, Oletan (Amoroto) dagoen eta Lea ibaiko ur zikin guztiak biltzen dituen ponpaketa sistemara bideratu beharko lirateke bildutako ur zikinak. Baina sare hori eraikitzea ez da posible, ingurumen impaktua dela eta. Errealitate horren aurrean, Ur Partzuergoak Munitibarren eta Aulestin ur araztegiak eraikitzeko azterketak egitea aurreikusi du.
Aulestiko araztegia herrigunetik iparraldera kokatuko litzatekeela jakitera eman du Ur Partzuergoak. Araztegia ipintzeaz batera, herriguneko urak biltzeko hodiak beste sare batera bideratuko lirateke, eta sare berri hori eraiki berri egongo den araztegira joango lirateke.
Proiektuak 2,85 milioi euroko aurrekontua edukiko luke eta 2017rako eginda egongo zen. Aurrekonturik handiena 2016ko lanentzat izango zen (2 milioi euro).
Ingurune inpaktua tarteko, Aulestin eta Munitibarren araztegi bana eraikitzeko proiektua egitea aztertzen ari da Bizkaiko Ur Partzuergoa
Aulestin egin modura, Munitibarren ere antzerako proiektua bideratzea aztertzen ari da Ur Partzuergoa. “Herriguneko ur zikinak biltzeko sarea berbideratu eta beste sare berri bati esker, ur araztegira bideratuko ziren”.
Proiektu horiek, baina, ez dira Ur Partzuergoak Lea-Artibairako dituen bakarrak. Izan ere, Berriatua eta Ondarroa arteko ur bilketa sarea 2015. urtea amaitu orduko martxan ipintzea aurreikusi du Ur Partzuergoak. Asmo horiek errealitate bihurtzen badira, Artibai ibaiaren ur saneamendu sarea osotuta egongo da 2015 bukaerarako.
Berriatua eta Ondarroa arteko ur saneamendu sarea 2015 amaierarako martxan egotea aurreikusten du Ur Partzuergoak
Berri agentziek jakitera eman duenez, Berriatua eta Ondarrroa arteko ur saneamendu sare berrituak 2.100 metroko luzera edukiko du eta 1.200 milimetroko hormigoi kapagaz egongo da babestuta. Funtsean, sare berrituak, Berriatuko herriguneko ur zikinak jaso, Gardotza industriagunean ere bilketa egin eta Ondarroan eraikita dagoen sarera bideratuko ditu.
Proiektu hori da, hain zuzen ere, Bizkaiko Ur Partzuergoak Lea-Artibairako duen proiektu nagusiena; 11,2 milioi inbertituko ditu 2017ra bitartean.