
Ondarroako Historia Zaleak elkarteko kideak Hondarroa urtekariagaz eskuetan. Argazkia: OHZ
Urte amaieragaz batera, OHZko kideek Felix Beristainen
Madalena kalea margolana azaleko irudi modura daraman Hondarroa urtekaria ezagutzera eman dute Kofradia Zaharrean egindako aurkezpenean. Argitalpen berria lortu nahi dutenek herriko liburu dendetan eta Turismo Bulegoan erosi ahalko dute.
Urtero agertzen diren hainbat gai agertzen dira aurtengo urtekarian; txalupen zerrendak, duela ehun urte jaiotako herritarren zerrenda eta argazki zaharren otzara, besteak beste. Horrez gain, hainbat artikulu ere jasotzen ditu 2014ko urtekariak. Tartean, munduari lehen itzulia eman zion txalupa ondarrutar batena zela ziurtatzen duen ikerketa, esate baterako.
Horrez gain, aurten ere migrazioen gaia jorratzen jarraitu dute OHZko kideek. “Duela ehun urte Ondarroatik jendea nora joaten zen ikusiko dugu, eta sasoi hartan Txilera joandako ondarrutar batzuen ondorengoak ezagutuko ditugu”.
Bestalde, 2014an egon diren urteurren berezientzako tarte berezia ere egin dute. Hain zuzen ere, Pedro Maria Unanue, Txomin Agirre eta Augustin Zubikarai jaio zirela 200, 150 eta 100 urte bete direla eta, haiek gogoan izan ditu urtekariak. Era berean, euren 25 urteurrenetan, Txirrimorraskiren eta Unanue Kamara Koralaren historia ere errepasatu dituzte.