
Herritar askok urte amaiera Kalamendin igaro zuten. Argazkia: Turrune
Ondarroako Udaleko kirol batzordeak eta Aurrera mendi taldeak Kalamendiko kanpainagaz bat egin duten herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie. Izan ere, 2014an, 4.057 igoera egin ziren Kalamendira.
Balorazio “oso positiboa” egin dute kirol batzordeko kideek. Erronka betetzeko urteko egun bakoitzeko ondarrutar bat gutxienez joatea eskatzen zen, eta hori bete egin dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Azkenean urteko 365 egun guztietan herritar bat gutxienez Kalamendira igotzea lortu da”, azaldu du Iñaki Beitia kirol batzordeko kideak.

Amaia Ugartetxea eta Gotzon Fernandez euren oroigarriagaz. Argazkia: Turrune
Aurrera mendi taldeak eta Ondarroako Udaleko kirol batzordeak bultzatutako ekimenari bultzada eman dioten herritarrak asko eta asko izan direla azpimarratu dute erronkaren antolatzaileek. Horren inguruan, antolatzaileek aipamen berezia egin nahi izan diote Amaia Ugartetxeari eta Gotzon Fernandezi, “urte guztian erronkagaz eduki duten konpromisoagatik”. Oroigarri legez, urte guztian bidali dituzten argazki sorta txiki bat jaso zuten.
Azkenik, erronkagaz lotuta, Aurrera mendi taldearen iniziatibagaz erakusketa egingo da Ondarroako erakusketa aretoan. Urtarrilaren amaieran urte guztian jaso diren argazkiak ipiniko dira erakusgai. Urte guztian jaso diren 2.020 argazkien artean, urteko egun bakoitzean jasotako bat ipintzeko asmoa iragarri dute kirol batzordeko zein Aurrera mendi taldeko kideek.
Kalamendira egindako igoerak