28. sailkatu da Txomin Arana Dakarreko 3. etapan
Beste 117 pilotugaz batera hasi zuen atzo Txomin Arana moto gidari ereñarrak Dakarreko hirugarren etapa, eta, beste askok ez bezala, lasterketa bukatzea lortu zuen 2 ordu, 54 minutu eta 35 segundo moto gainean ibilita. Lehenengo gidariarengandik 19 mi...
Inolaz ere etsi barik, eta San Juandik (Argentina) Chilecitorainoko (Argentina) bidea eginda, sailkapenean gora egitea lortu du bertoko pilotuak. Izan ere, domekan lehenengo etapan 56. postuan sailkatu zen; astelehenean 32. postuan bukatu zuen bigarren etapa, eta, atzo, berriz, 28. egin zuen. Hala, Dakarra hasi orduko ereñarrak berak adierazi bezala, «pausoz pauso» hobetzen darrai.
Astelehenean burutako bigarren etapagaz alderatuta, atzokoa laburragoa izan zen. Herenegun lehiatutakoa «oso gogorra» izan zela esan du Aranak: «Oso etapa luzea izan zen, eta bero handia egin zuen». Gauzak horrela, «amaitzeagaz pozik» agertu zen ereñarra astelehenean, parte hartzaileetako askok ez baitzuten izan etapa bukatzerik.
Aurreko etapan bezala, bigarren hori ere «bizkorra» izan zen hasierako kilometroetan; hala eta guztiz ere, gerora, 100 bat kilometroan, hareazko pista ugaritan ibili behar izan zuten moto gidariek.
Bigarren etapa hori bukatuta, lasterketan hautsitako erregai-tanga konpondu behar izan zuten Aranaren mekanikariek. Dena den, bestela, motoak arazorik eman ez zuela aitortu zuen Ereñoko gidariak.
Gaur, laugarren etapa
Gaur, beste alde batetik, laugarren etapari heldu beharko diote parte hartzaileek, Chilecitotik (Argentina) Copiaporainoko (Txile) bidean.