Azken bi urteetan egin modura, Mutrikuko Udalak Fondaberrin aparkatzeko txartel bereziak aterako ditu. Bi txartel mota egongo dira aukeran: batak, urtean 10 euro ordainduta, egunean ordu eta erdi doan aparkatzeko aukera ematen du, eta, besteak, urtean 20 ordainduta, egunero hiru ordu doan aparkatzeko eskubidea ematen du.
Joxan Agirregomezkorta udal gobernazio buruak jakitera eman duenez, “2014an txartela zuten herritarrek astelehena baino lehen aktibatu beharko dituzte berriro. Bestela, txartel horiek desaktibatuta geldituko dira, eta prozesu guztia egin beharko dute berriro ere”.
Txartela berriro aktibatzea erabakitzen duten herritarrek nahi duten denbora tarteari dagokion ordainketa egin beharko dute Kutxabanken. Ondoren, bankuko ziurtagiria udaltzaingoan aurkeztu beharko dute. “Txartela aktibatzeko asmorik ez dutenei, udaltzainetan bueltatzeko eskatuko genieke. Izan ere, txartel horiek berrerabiltzeko daude pentsatuak”.
Txartelik ez dutenek, berriz, bi pausu eman beharko dituzte. Lehenik eta behin, udaletxeko harreran edo
udal webgunean eskuratu daitezkeen eskaera orria bete eta dagokion ordainketa egin beharko dute Kutxabanken. Azkenik, bankuko ordainagiria eta betetako eskaera orria udaltzaingora eraman beharko dituzte. “Udaltzainek Fondaberrin aparkatzeko txartela momentuan eman die”.