Mutrikuko Udalak doako Wi-fi zerbitzua jarri du martxan Zabiel kultur etxean
Kultur etxe batek «derrigorrezkoa duen zerbitzua» da wi-fia Joxemari Etxaburu Mutrikuko Udaleko kultur zinegotziaren ustez; «Zabielen, hitzaldiak, emanaldiak, tailerrak eta bestelako ugari egiten dira, eta horiek garatzeko gero eta sarriago jotzen dugu denok sareko edukietara, edo sarean gordeta ditugun eduki propioetara», azaldu du.
Wi-fia jartzea «aspalditik» egindako eskaera izan bada ere, orain izan du udalak zerbitzua martxan jartzeko aukera; izan ere, Etxaburuk dioenez, «eraikin historikoa izanik, hainbat zailtasun daude bertan aldaketak egiteko».
Hala ere, hori gauzatzeko erronka bete du Mutrikuk, eta, gaur egun, herritarrek badute zerbitzu horretaz gozatzeko aukera. Dena den, bertan eskaintzen duten zerbitzua «itxia» dela jakinarazi du kultur zinegotziak; hori horrela, interesatuak liburuzainarengana jo beharko du pasahitza eskatzeko. Liburuzaina ez dagoenetan, berriz, udaletxeko kultura edota euskara zerbitzuan lortuko dute erabiltzaileek pasahitza.
Pasahitz hori «aldiro-aldiro aldatzen» joango direla azaldu du Etxaburuk, eta, era berean, zerbitzua «arduraz» erabiltzeko eskatu die herritarrei; izan ere, «momentuz, ez da posible nahiko genukeen abiadura kontratatzea, eta erabilera ez-egokiek gainontzeko erabiltzaileengan eragin dezakete». Hala, 2016an zerbitzu hobeagoa emateko baldintzak betetzen hasiko direlakoan dago udala.
Zabieleko gelak, erabilgarri
Bestalde, liburutegi nagusia urtarrilaren 21era arte itxita dagoen arren, Zabieleko gainontzeko gelak zein haur liburutegia erabilgarri daudela jakinarazi du udalak. Hitzaldi gela, erakusketa aretoa edota ganbarako aretoa erabili nahi dutenek, kultura, euskara edota kirol zerbitzuetan egin beharko dutela beraien eskera gogorarazi du udalak.