Aritz Egurrola Ondarroako bizilagunak HITZAri jakin eragin dionez, gaur [urtarrilak 9], Gernika-Lumoko epaitegian agertzeko zitazioa jaso zuen. 10:00etan fiskalaren aurrean agertu behar zuela zekien bakarrik gazte ondarrutarrak.
Bere konfiantzazko abokatuagaz batera agertu da zitaziora ondarrutarra. 09:30ean batu da abokatuagaz, baina ez zekien zerri buruz galdetu behar zioten epaitegian. “Azkenean ez deklaratzea erabaki dut”, nabarmendu du Egurrolak.
Egurrola azaroaren 6an atxilotu zuen Ondarroan Guardia Zibilak. Armiarma operazioaren bigarren fasearen baitan atxilotu zuten ondarrutarra sare sozialetan terrorismoa goraipatzea egotzita. Ondarroan egindako atxiloketaz gain, hainbat atxiloketa egin zituen Guardia Zibilak Bilbon, Donostian, Portugaleten, Gasteizen zein Iruñean.
Ondarrutarra Donostiako Intxarraurrondoko komisaldegian atxilotuta izan zuten ordu batzuez.