Mutrikuko gomazko pala txapelketaren finalaurrekoak asteburuan jokatuko dira
Txapelketa herrikoia bere bukaera heltzen ari da. Astebukaeran finalaurrekoak jokatuko dira eta hurrengo asteburuan finalak. Danok Bat pelotazale elkarteak adierazi duenez, aurtengo txapelketan izena eman duten 18 bikoteetatik zortzi besterik ez dira finalerako txartela lortzeko lehian ariko.
Datozen egunotan lau bikotek 1.mailako finalaurrekoak jokatuko dituzte eta beste laurek 2.mailakoak. Lehenengo partida urtarrilaren 9an jokatuko da Miruaitz frontoian. 18:00etatik aurrera, 2. mailan jokatzen ari diren Zigorrek eta Joxemik, Illarraren eta Txutxiren aurka indarrak neurtu beharko dituzte.
Hilaren 10ean, aldiz, 1. mailako finalaurreko guztiak jokatuko dira. 10:30etik aurrera, iaz 1. mailako garaile izan ziren Igor eta Xabi Garalde, Kepa Arrizabalagaren eta Aitorren aurka ariko dira. Lehen partida bukatu eta gero, bigarren finalaurrekoaren txanda izango da. Isaac eta Manzisidor, Josuri eta Josebari irabazten saiatuko dira.
Azkenik, urtarrilaren 11n, 2. mailako azken partida jokatuko da. 17:00etatik aurrera, Kepa eta Edu, Jon eta Urtzi mendean hartzen saiatuko dira.