Zaldieroak egindako erakusketa bakarra
Hilaren 11ra arte ikusgai dago Patxi Huarte Larraburu 'Zaldieroa' komikilari nafarraren erakusketa antologikoa. Zaldieroak bere karrera osoan egin duen lehenengo erakusketa da Ondarroan ikus daitekeena.Ondarroako Luterl taldea 17. komiki jardunaldia eg...
Hilaren 11ra arte ikusgai dago Patxi Huarte Larraburu ‘Zaldieroa’ komikilari nafarraren erakusketa antologikoa. Zaldieroak bere karrera osoan egin duen lehenengo erakusketa da Ondarroan ikus daitekeena.
Ondarroako Luterl taldea 17. komiki jardunaldia egiten ari da egunotan. Prestatu dituzten ekimenen artean aipagarriena, Patxi Huarte Zaldieroa-ri buruzko erakusketa monografikoa da.Zaldieroaren hastapeneko komikietatik Napartheid, TMEO, Naparkaria, Xabiroi, De rerum natura hasi eta Euskaldunon Egunkaria-n, Berria-n zein Igela argitaletxeagaz egin dituen ilustrazio, kartel eta beste hainbat lan daude erakusketa aretoan ikusgai. «Bere sorreratik gaur eguneraino egin dituen beharrak ikusteko aukera dago. Bere marrazkiak ikusita, besteak beste, Zaldieroak zelan beharra egiten duen ikus daiteke. Arkatzagaz marrazten du lehenengo, eta gerokoan arkatz urdinagaz jarraitzen duela antzeman daiteke. Azkenik, koloreztatze prozesua zelan egiten duen ere ikus daiteke», azaldu du Ion Iñaki Artetxe Luterl taldeko kideak.
Zaldieroa komikilariaren komiki zintak eta irudiak oso ezagunak dira. Besteak beste, Berria egunkarian De rerum natura komiki zinta egiten du egunero.
Ondarroan hilaren 11ra arte ikus daiteke erakusketa, hurrengo ordutegian: astelehenetik barikura, 18:30etik 21:00etara; asteburuan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.
Ibilbide guztiari errepasoa
Patxi Huartek bere karrera osoan egin duen lehen erakusketa da Ondarroakoa. Autorea erakusketa muntatzen ari zirela egon zen bertan, eta baliteke zapatuan ere egotea. «Bertora etorriko dela uste dugu».
Antolatzaileek gaineratu dutenez, nahikoa jende joan da erakusketa ikustera. «Jendea tantaka etorri da, baina egunero etorri dira herritarrak. Gehienak, gainera, jakin-min handiagaz etorri dira erakusketa aretora».
Era berean, atzo Patxi Huarteri egindako irratsaio berezia ere entzuteko aukera egon zen Radixu Irratiko Azken mohikanoak irratsaio berezian. «2014ko abenduaren 31n ordu biko elkarrizketa egin nion Huarteri, eta hura osorik entzun ahal izan zen. Bere ibilbide guztia eta egin dituen pertsonaia guztiei buruzko azalpenak entzun ahal izan genituen. Beste hainbat gairi buruz ere berba egin zuen».
Zaldieroari buruzko erakusketaz eta irratsaioaz gain, urtarrilaren 3an Euskoman komikiaren aurkezpena ere egin zuten komiki jardunaldien barruan. «Polita izan zen komikia Ondarroan aurkeztea. Kaiet Bengoetxea komikia sinatzen egon zen».
Azkenik, Luterl taldeak antolatzen dituen jardunaldiak borobiltzeko, Globhito berripaperaren 25. zenbakia argitaratu dute.