Andoni Aretxabaletak 2014ko Eskuz Binakako Pilota Txapelketan Markina-Xemeingo frontoian jokatu zuen partidua.
Oinatz Bengoetxea eta Andoni Aretxabaleta errez nagusitu ziren Bergaran. Markina-Xemeingo pilotariak eta Leitzakoak 22 eta 8 irabazi zieten Beñat Rezusta eta Aritz Lasari bariku iluntzean izandako norgehiagokan, eta txapelketako hirugarren puntua lortu zuen bikoteak.
Julen Retegi sukarrak jota zegoela eta Aritz Lasak hartu zuen haren lekua. Gorriak hasieratik izan ziren jaun eta jabe, eta momentu guztian ibili ziren aurretik markagailuan. Oinatz Bengoetxeak argi utzi zuen sasoi onean dagoela, eta Aretxabaletak neurketa serioa jokatu zuen.
Emaitza bikainaren ondorioz, bigarren jarri da bikotea Binakako Txapelketaren sailkapenean; Ezkurdia eta Zabaleta dituzte bakarrik aurretik, lau puntugaz.
Hurrengo jardunaldian, Olaizola II- Beroiz bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Zapatuan izango da partidua Iruñeako Labrit pilotalekuan, 17:30ean.