Partehartzaileak Ondarroako Arrigorri hondartzan. Argazkia: Eskilantxarri Ur Kirol Elkartea
Gabonetan egin behar zuten Ondarroako I. Bodyboard Txapelketa Herrikoia zapatuan [urtarrilak 10] egin zuten. Denetara, 15 bodyboarderrek parte hartu zuten Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak antolatutako txapelketan.
Itsasgora 07:00etan zegoen, eta partehartzaile guztiak egoera horretara egokitu behar izan zuten. Denak 07:00etarako prest zeuden Arrigorri hondartzan, eta ostean, antolatzaileek zozketa egin zuten txandak zehazteko. 08:15ean hasi zen txapelketa. Izan ere, ordu horretan eguna egiten hasi zen. “Argi pixka bat izan genuenean hastea erabaki genuen. Itsasbehera hasita zegoen eta ez genuen nahikoa astirik”, azaldu du Jon Haitz Badiola Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteko kideak.
09:45ean amaitu zuten goizeko saioa. Itsasbehera nabarmentzen eta olatuak gutxitzen hasi zirenean, saioa amaitutzat eman zuten antolatzaileek. Metro pasatxoko olatuak izan zituzten. “Nahikoa justu, baina jolasteko beste eduki genuen”.
15 minutuko saioak
Eguerdi partean, aldiz, uretako motor baten laguntzagaz
wakeboard egiten ibili ziren, ikusleen gozamenerako. “Azken momentuan sortu zen gauza izan zen uretako motorrarena. Lagun batek uretako motorra zuela esan zigun, eta txapelketara ekarri zuen. Denok probatzeko aukera izan genuen”.
Goizeko saioan 20 minutuko txandak egin bazituzten ere, iluntzean 15 minutu txandak egitea erabaki zuten antolatzaileek. “Bigarren txanda eta finala egiteko 2 ordu eta 10 minutu behar genituen. 18:15ak inguruan gaua egingo zuela jakinda, 16:00etarako hasi behar genuen, baina ordu horretan ez zegoen behar besteko itsasgorarik. Azken orduan, 15 minutuko saioak egitea erabaki, eta arratsaldeko saioa beranduago hastea lortu genuen. 16:45ean hasi ginen”.
Aurtengo irabazle eta sarituak. Argazkia: Eskilantxarri Ur Kirol Elkartea
Arratsaldeko saioa 16:45ean hasi eta 18:20ean amaitu zuten. Iluntzean giro polita egon zen. Izan ere, nahikoa jende hurbildu zen Arrigorrira.
Behin bigarren txanda jokatuta, punturik gehien lortu zuten lau partehartzaileek finalean jokatzeko aukera izan zuten. Epaileek puntuazioa emateko orduan olatuan zenbat maniobra egiten zuten, maniobren ikusgarritasuna, olatuaren zailtasuna eta ikusleen artean eragiten zuten giroa izaten zituzten kontutan, hurrenez hurren. Julen De Diegok, Aitor Etxeberriak, Gorka Aginagak eta Jon Haitz Badiolak finala jokatzeko aukera izan zuten. Finala gogorra izan zela nabarmendu dute partehartzaileek. “Gaua egiten ari zen, eta ez genuen askorik ikusten”. Hala eta guztiz ere, olatu eder batzuk hartzeko aukera izan zuten finalean parte hartu zuten lau kideek.
Julen De Diegok irabazi zuen txapelketa, “bi olatu oso onak hartuta”. Sailkapenean atzetik izan zituen Aitor Etxeberria, Jon Haitz Badiola eta Gorka Aginaga, hurrenez hurren. Olaturik onena saria, aldiz, Borja Basterretxearentzako izan zen. Arratsaldeko saioan txapelketako hodirik onena hartu zuen, “ikusle guztiak oihuka ipiniz”.
Antolatzaileek lehenengo txapelketa “oso ondo” joan dela nabarmendu dute, eta errepikatzeko gogoagaz geratu dira. “Egia esan, pentsatu baino hobeto irten du denak, bikain. Eskerrak eman nahi dizkiegu txapelketa hau antolatzen eta berau posible egin duten guztiei, eta nola ez bertan parte hartu duzuenoi”.