Xabi Aranburu Sagarminaga preso politiko ondarrutarraren gurasoek HITZAri jakitera eman diotenez, urtarrilaren 9an Tolosan (Frantzia) euren semearen aurka egin behar zuten epaiketa berta behera geratu zen.
Preso ondarrutarraren abokatuak eguen [urtarrilak 8] iluntzean deitu zien haren gurasoei. “18:30ak pasatxo deitu zigun abokatuak. Ez dakigu zergatik, baina epaiketa bertan behera geratu zela esaten deitu zigun Xabiren abokatuak. Ez digute inongo azalpenik eman. Epaiketa ez zela egingo jakin eragin digute bakarrik, besterik ez “, azaldu du Rosa Sagarminak presoaren amak.
Barikuko epaiketa, beraz, atzeratu egin da. Hala eta guztiz ere, presoaren gurasoek jakitera eman dutenez ez dakite noiz izango den epaiketaren hurrengo data. “Ez dakigu ezer ere ez”.
Muret Seysess espetxeak ipinitako salaketaren harira
Ondarrutarra Tolosan (Frantzian) epaitu behar zuten. Aranbururen senideek adierazi zutenez, “ez zekiten euren senideari” zer leporatzen zioten. Salaketa Frantziako Muret Seysess espetxeak ipini ziola zekiten bakarrik senideek.
Aranburu 2013ko apirilean, hilabetez isolamenduan eduki zuten Muret Seysess-eko (Frantziako) kartzelan. Epaiketa salaketa hantxe sortu zen eztaibadaren harira izan daitekeela uste dute ondarrutarraren gurasoek. “Dakigun bakarra, kartzelak berak salaketa ipini ziola da, eta orain, epaitu egingo dute”.
Hain zuzen ere, isolamenduan egon zen bitartean, biluzik eduki zuten Aranburu. Hori dela eta, preso ondarrutarraren senideek tratu txarrengatik salaketa jarri zioten Muret Seysess-eko kartzelari. Kartzelari ipinitako salaketa, ez zen onartu eta bertan behera geratu zela nabarmendu zuten Aranbururen senideek.
Era berean, kartzelaren aurka ipinitako salaketa, “euren semearen aurka” joan dela uste dute Aranbururen senideek. “Gure abokatuak biluzik eduki zutela eta, tratu txarrak jaso zituelako kartzela berari salaketa ipini zion. Orain, hori guztia Xabiren aurka erabili nahi dutela uste dugu”.