Lekeitioko Gazte Asanbladarean erabakia herri guztiaren onurarako izango dela dio Abaroa Biztuk
“Herri guztiaren onurarako erabakia hartu da. Abaroak, proiektu eta adierazpen desberdinen bilgune izatea du helburu, eta eraikin txikitik irteteko erabaki honekin, herriko mugimendu, ahots, eragile edo proposamen desberdin guztiak indartuta ateratzen dira, espazio bat irabazi baitugu denok”, azaldu dute.
2014ko udatik azarora bitartean Lekeitioko kultur eta kirol talde, eragile sozial, udal ordezkari eta herritarrak, udalak bultzatutako Abaroa Biztu Parte Hartze prozesuan parte hartzen ibili dira. Lekeitioren beharrizanetan oinarrituta, azpiegitura horiek zertarako nahi dituzten erabakitzen eta forma ematen egon dira denen artean. Gazte Asanblada bera ere bertako parte izan da. “Partaide guztiok hartu genuen konpromisoa, eztabaidan aukera guztiak zirela zilegi onartzeko eta eraikin txikiaren erabileraren inguruan hartuko zen erabakia adostasunez hartuko zela beti”, adierazi dute. Eraikin txikiak, handiak eta lorategiak gune bakar bat, Abaroa gunea, osatzen zuela ere erabaki zutela gaineratu dute. “Gune osoak herritarren beharrizanei erantzun behar die, eta ondorioz ez da ikusten erabilera restriktiborik. Espazio guztiak malguak eta erabilera anitzekoak izatea ikusten da eta han parte hartu nahi duten talde guztiek izan behar dute sarbidea azpiegitura hauetara”.
Horretaz gainera, momentu honetan erabilgarri dagoen espazio bakarra eraikin txikia izanik, Abaroa proiektua handik abian jartzeko aukera baliatu beharra dagoela ikusten dute. “Hori horrela, eraikin txikiak Gaztetxe izaera galdu beharko luke eta herritarren eskura dagoen espazio ireki bat bilakatu. Edozein kolektibok erabili ahalko luke aukera bardintasunean. Eta herriarentzako ekimenak planteatu. Eta hori dena Abaroa Asanbladaren bitartez kudeatuko litzateke”.
Hurrengo erronka Abaroa Biztu asanblada bera fase berrirako eraikitzea eta espazioak erabiltzen hastea izango dutela jakitera eman dute. Hilabeteko azken ostiralean batuko da asanblada.