Mutrikuko herribusak 2015ean zerbitzua ematen jarraituko du
Joxean Agirregomezkorta Mutrikuko Udaleko gobernazioburuaren esanetan, herribusa “beharrezkoa” da Mutriku bezalako herrietan. Hori dela eta, aurten ere zerbitzuak martxan jarraituko duela nabarmendu du udal gobernazioburuak. “2014an 5.000 bidaiatik gora egin dituzte herritarrek bertan; beraz, argi daukagu zerbitzua eskaintzen duela”.
Aurten, gainera, zerbitzuak herritarrentzako aldaketa garrantzitsu bat izango du: uztailean eta abuztuan asteburuetan ere herribusa egongo da. “Gidariek esandakoei kasu eginda eta enpresaren gomendioak jarraituta egin dugu aldaketa”.
Bestalde, udako bi hilabete horietan arratsaldeko zerbitzua ez eskaintzeko erabaki hartu da. “Dirudienez, uztailean eta abuztuan arratsaldez gutxi erabiltzen zen zerbitzua”. Beraz, arratsaldeko ordu horiek kendu, eta asteburuan zerbitzua eskaintzea erabaki da. “Zerbitzua herritarren beharretara egokitzea da lortu nahi duguna. Aldaketak egingo ditugu hori horrela dela ziurtatzeko”.
Aldaketa horiek eginda, honakoa izango da Mutrikuko herribusaren ordutegi berria:
– Urte osoan: astelehenetik barikura, 08:00etatik 11:00etara.
– Ekainetik irailera: astelehenetik barikura, 08:00etatik 11:00etara eta 12:30etik 14:30era (hilabete horietan herribusa hondartzaraino jaitsiko da). Horrez gain, uztaileko eta abuztuko zapatu-domeketan zerbitzua egongo da; 08:00etatik 11:00etara eta 12:30etik 14:30era.