Barinaga auzoko San Pedro eliza.
Aurten estreinako antolatu dituzten Banakako Pala txapelketako finalekin emango diote hasiera jaiei. 11:00etan hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira, eta ondoren, 12:00ak aldera jokatuko da finala Itxurritxu Elkartearen alboko frontoi txikian.
32 lagunek hartu dute parte, Barinagakoek lehenengo aldiz antolatu duten pala txapelketan. Zortzi talde egin zituzten, lau lagunekoak, eta denek denen kontra jokatu ondoren, talde bakoitzeko lehenengoek egin zuten aurrera. Finalaurdenak jokatu zituzten joan den astean, eta finalaurrekoak gaur izango dira. Jon Meabasterretxeak eta Unai Lexarizpik jokatuko dute lehenengo partida eta Joseba Plazak eta Koldo Arriagak bigarrena.
Zapatuko meza ostean banatuko dituzte sariak.
Arratsaldean, berriz, Briska Txapelketa jokatuko da Itxurritxu elkartean, eta izenak 16:00etan, jokoa hasi baino ordu erdi lehenago, eman behar dira bertan.
Briskaren ondoren, mahaiak prestatuko dituzte gaueko bertso afarirako. Andoni Egaña eta Nerea Ibarzabal bertsolariak ondo lagunduta egongo dira. Izan ere, afarirako txartelik ez dela geratzen jakitera eman dute antolatzaileek, eta beraz, ehundik gora bertsozale izango dituzte ondoan, afarian.
Ibilaldia, domekan
Laja II eta Lutxurdixoren doinuekin emango diote amaiera zapatuko gauari, eta auzoko baserrietan zehar egingo duten ibilaldiagaz hasiko dute domeka.
“Eliza azpian batuko gara eta Iturretarantzako bidea hartuko dugu, Urko azpitik pasatu eta Eibarko bidetik buelta egiteko”, azaldu dute antolatzaileek.
Ibilbidea erraza dela aurreratu dute, pare bat ordukoa, eta aldapa txikiren bat badago ere, gehiena laua eta beherantz dela azaldu dute. “Umeekin egiteko modukoa izango da, eta Barinagako baserriak ezagutzeko aukera izango dute”.
EGITARAUA:
ZAPATUA
- 12:15, Meza nagusia
- Ostean, meza ostekoa eta pala txapelketako sari emotea
- 16:30, Briska Txapelketa.
Sariak:
1. Txapelak eta 120 euro
2. 80 ero
3. 50 euro
4. Santamañeko gazta bi
- 21:30, Bertso afaria Andoni Egaña eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin
- Ostean, Laja II eta Lutxurdixo
DOMEKA
- 10:30, Auzoko baserriak ezagutuz pare bat orduko ibilaldia
- 12:15, Meza
- Ostean, Meza ostekoa eta karretilaren zozketa