Baxurako arrantzaleak Ondarroako portuan arraina deskargatzen
Europar Batasunak hartutako erabaki berriaren arabera, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera arrantzatzen diren arrain guztiak portuan deskargatu beharko dira. Neurri berri honegaz, deskarteak ekidin nahi dira. Zehatz esanda, sareetan halabeharrez harrapatutako arrainak gerokoan itsasora ez botatzea ekidin nahi du Europar Batasunak.
Neurri berriak espezie pelagikoei eragingo die lehendabizi: berdelari, txitxarroari eta antxoari, hain zuzen ere. Neurria urtea sartzeagaz batera indarrean jarri baldin bada ere, beste arrain moten gaineko neurriak pixkanaka hasiko dira ezartzen. Horretarako 2019ra arteko epea dute arrantzaleek.
Europar Batasunak ezarritako neurri berria ez da oraindik martxan ipini Ondarroan. Izan ere, neurri berriaren inguruko informazio gutxi dute. Gauzak horrela, neurria ezartzea, oraindik ere, zaila dela azpimarratu du Eusebio Arantzamendi Ondarroako Kalare Deunako presidenteak. “Arrantzaontzi guztiek ez dute neurri hori ezartzeko agindurik jaso”.
Berdela, Ondarroako portuan
Bestalde, neurri berriak salbuespenak onartuko dituela iragarri dute; arrantzaontziek harrapatzen duten berdelaren eta txitxarroaren %5a eta antxoaren %2a baztertzeko aukera izango dute.
Era berean, gutxieneko neurrietara heltzen ez diren arrainen %10a ere baztertzeko aukera egongo da. Hala ere, baztertzen diren arrain txiki horiek ezingo dira saldu; farmaziako edo kosmetikako produktuak, irina edo pentsua egiteko erabiliko dira.
Ondarroan, esate baterako, portuan baztertuko lituzketen arrainak jasotzeko hozkailu handi bat dute. “Orain arte, lehorrean saltzen ez ziren arrainak hantxe jasotzen ziren. Gerokoan, arrain hori Bermeora bidali izan ohi da irina egiteko. Neurri berri honegaz, printzipioz, itsasoan harrapatu eta baztertzen diren arrainak ere haraxe joan beharko liratekez”.