Urteroko bisita egitera datoz
Udaberrian 12 urte beteko dituen Uzelai zikoina urteroko bisita egitera etorri da Urdaibaira; lehenengoa da, baina ez da bakarra izango, bi bikote baitaude Busturialdean.Inguruotako hegazti zaleek txori mota berri bat behatzeko aukera izango dute datoz...
Udaberrian 12 urte beteko dituen Uzelai zikoina urteroko bisita egitera etorri da Urdaibaira; lehenengoa da, baina ez da bakarra izango, bi bikote baitaude Busturialdean.
Inguruotako hegazti zaleek txori mota berri bat behatzeko aukera izango dute datozen hilabeteetan, Urdaibaiko paduran. Urdaibai Bird Center-ek jakinarazi duenez, duela egun gutxi urteroko bisitari bat heldu zen eskualdera: Uzelai zikoina. Udaberrian 12 urte beteko dituen zikoina, Busturialdean 2005-2008 bitartean burututako berreskurapen proiektuko hegaztietako bat da. «Horregatik, bereziki pozgarria da bizirik jarraitzen duela ikustea», adierazi du Aitor Galarza biologo eta egitasmoaren arduradunak.Uzelai Urdaibaira bueltatu den lehenengo zikoina da, baina ez da bakarra izango. Galarzak argitu duenez, «bi bikote etortzen dira bertora». Uzelaik, baina, gainontzeko zikoinek baino gertuago pasatzen du negua; Araba aldean, hain justu. Hala, lehenego heldu ohi da Urdaibaiko paduretara. Abenduaren amaieran edo urtarrilaren hasieran heldu ohi da.
Kumatze lekuetara arrak heltzen dira lehenengo, eta Uzelai arra da. Emeak, beste alde batetik, bi edo hiru aste beranduago heldu ohi dira normalean. Galarzak dioenez, «lurraldea hartzen dute arrek, eta emeak gero datoz».
Biologoak, gainera, Uzelaik bikote berri bat duela deritzo. Izan ere, jarrera desberdina dauka azken urteetako emeak. Uzelaiak bikote berria izateko arrazoi bakarra, bestalde, aurrekoa hil izana da. Izan ere, bizi osorako bikoteak izaten dira zikoinenak. Habia ere berdina izaten da norma- lean. Uzelaik eta bere bikoteak, esate beterako, Foruan txitatzen dute.
2007. urtetik gaur egunera, Uzelaik hamazazpi txito hazi ditu. 2007an jaiotako zikoinetako batek, bestalde, Plentzia inguruan kumatzen du gaur egun. Galarzak azaldu duenez, «soilik kumaldi bat galdu du Uzelaik, eguraldi oso txarra egin zuelako urte horretan». Hala, berreskurapen proiektua arrakastatsua izaten ari dela deritzo.
Urdaibaiko bigarren bikoteak duela hiru urte inguru kumatu zuen berton, lehenengoz. Ordutik urtero bueltatu da bertoko padurara. Bikote horrek Muruetan dauka habia.
Lehen proiektua
Zikoinena hegaztiekin martxan jarritako lehen berreskurapen proiektua izan zen Urdaibain. 2013. urtean, bestalde, bigarren proiektu bati ekin zioten Urdaibai Bird Centerrekoek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta beste erakunde batzuen laguntzagaz. Arrano arrantzaleek Urdaibain kumatzea lortu nahi dute.
Galarzak esan duenez, oso desberdinak dira berreskurapen proiektu horiek. Arrano arrantzalearen txitak, esaterako, nahiko gazte ekarri ohi dituzte. Zikoinen kasuan, bestalde, «Herrialde Katalanetatik ekarritako txitoak nahiko hazita zeuden bertora heltzean».
Proiektu desberdinak izan arren, hala eta guztiz ere, biak dira garrantzitsuak Galarzaren berbetan. Zikoinena proiektu arrakastatsua izan zela uste du, eta arrano arrantzaleagaz ere gauz bera gertatzea espero du.