Zapatu gaueko bertso afaria. Argazkia: Barinagako Jai Batzordea
Zapatu gabeko bertso afaria “ustekabeko arrakasta” izan zela azpimarratu dute antolatzaileek. Barinagako frontoia bete-bete egin zen Andoni Egaña eta Nerea Ibarzabal bertsolarien saioa entzun eta afari ederragaz gozatzeko.
Lutxurdixo eta Lajak berotu zuten giroa, ondoren, eta ez zen hotzik egon Barinagan.
Zapatua baina, San Anton Pelota Txapelketagaz hasi zen. Parte hartze haundia izan du abenduan jokatu den txapelketak. 32 jokalari ibili dira zein baino zein gehiago Itxurritxu elkartearen ondoko frontoian. San Anton Egunean jokatu ziren finalak, eta azkenean, Jon Meabasterretxea izan da garaile. Joseba Plazak bigarren egin zuen, eta Koldo Arriaga eta Unai Lexaristi geratu dira hirugarren eta laugarren.
Barinagako San Anton Pelota Txapelketako irabazleak eta antolatzailea. Argazkia: Barinagako Jai Batzordea
Barinagako Briska Txapelketak ere erantzun ona eduki du. 24 bikotek hartu dute parte aurtengo jokoan. Joxe eta Mari Carmen Egañarentzat izan dira aurtengo txapelak, bigarren Patxi Astigarragak eta Nieves Egañak egin zuten, hirugarren geratu ziren Mari Carmen Arrate eta Mari Tere Aulestiarte, eta laugarren postuan Anita Gisasola eta Nati Gerrikagoitia.
Joxe eta Mari Carmen Egaña briska txapelketako irabazleak antolatzaileagaz. Argazkia: Barinagako Jai Batzordea
Eguraldiak eutsi egin zuen domeka goizean ere; horrela, 70 ume eta nagusi animatu ziren Barinagako baserri ibilbidea egitera. Eguzkia lagun, Barinagako baserriak eta baserri bideak ezagutzeko aukera eduki zuten.
Urtero modura, jaiei amaiera emanez, janariz betetako
orgaren zozketa egin zuten Barinagan. Zenbaki saritua
2.501 izan da, eta ordezkoa, berriz, 2.103.