Atxukaleko hormairudia konpontzen. Argazkia: Mutrikuko artelagunak
Mutrikuko Arte Eskolako kideek udaberrian egin zuten Atxukalen dagoen hormairudia. Orduz geroztik, hainbat aldiz berritu behar izan dutela azaldu dute artelagunek. “Gutxienez, lau bat bider konponduko genuen”. Azkenengoz, zapatuan txukundu zuten.
Batik bat, pintadak egin dizkiote artelanari. Partitura dagoen aldea izan da kaltetuena. “Pintura pote zuriarekin joaten gara, eta han ibiltzen gara noizean behin berau konpontzen”, azaldu dute Mutriku Arte Eskolako artelagunek.
Atxukaleko hormairudian dauden pintadetako batzuk. Argazkia: Mutrikuko artelagunak
Hala ere, beste hainbat tokitan ere pintadak egin dizkiote hormairudiari. Horrez gain, artelana erre ere egin zuten. Hainbat tokitan belztuta eta erreta ere agertu zen. Horren guztiaren aurrean, zera diote arte eskolakoek: “Bi katu izango dira, ziurrenik. Holako gogoa baldin badute margotzeko, ez egin hor. Etorri gurekin batera arte eskolara, hemen nahi duzuen beste toki aurkituko duzue margozteko eta adierazi nahi duzuena zabaltzeko”.
Arte Eskolako kideez gain, hainbat herritar ere euren kabuz joaten dira hormairudia konpontzera. Horien guztien lana eskertu nahi izan dute artelagunek. “Herrian jende asko dago artelana mantendu nahi duena. Jende horri eskerrak eman nahi diogu. Atxukalen bizi den Pitxurrik, esate baterako, hormairudia kaltetuta ikusten duen bakoitzean pintura pote zuria hartu eta konpontzen ibiltzen da. Bere modura, beste hainbat jende ibiltzen da konponketa lanak egiten”.
Atxukaleko hormairudian pintadak
Atxukaleko hormairudia denen artean zaintzea beharrezkoa dela ohartarazi nahi die herritar guztiei. “Mutrikuar modura gure herria maite dugu, eta guri dagokigu berau ondo zainduta izatea”.