Gurpil bat Saturraran inguruetako arkaitzetan. Argazkia: Eguzki
Mutrikuko Saturraran hondartza alboan dagoen Mijoa errekan gutxienez zazpi gurpil zahar daudela salatu du
Eguzkik. Talde ekologistak nabarmendu duenez gainera, inguru horietan “gero eta gurpil gehiago” ari dira agertzen. “Ez dakigu itsasoak ekarritakoak edo jendeak botatakoak diren”, azaldu dute.
Eguzkik gurpil horiek jaso eta behar diren lekura eramateko eskatu nahi dio Mutrikuko Udalari. Era berean, “jendeari eskatzen diogu gurpilik errekara ez botatzeko. Gure errekak ez dira zabortegi bat”.
Zaborra Saturrarango hondartzan
Horrez gain, azken egunotan Saturraran hondartza ere zikinez beteta agertu dela salatu nahi dute Eguzkikoek. “Eguna joan eta eguna etorri, gure hondartzak itsasora botatako zaborrez beteta agertzen dira. Zabor hori desegiten eta partikula toxikoak zabaltzen joaten da. Itsasoko fauna kutsatzen du, guk kutsatutako fauna arrantzatzen dugu, eta azkenean kutsadurak gure platerean amaitzen du”.