Azken urteetako bisitari kopuru handiena izan du Lekeitiok 2014an
Turismo bulegoko kontsultek gorantz egin dute. 26.857 kontsulta egin ziren 2014an, 2013koekin alderatuz 3.130 kontsulta gehiago. Bisitarien jatorriaren tendentzia, berriz, mantendu egin da: Hego Euskal Herritik %34,38 bisita egon dira, Espainiar Estatutik %34,05, eta atzerritik %31,57.
Lekeitioko Itsas Ondare Zentroaren baliabideek hainbat bisitari erakartzen dituzte, 2014an, esaterako, 4.509 pertsona hurbildu dira Itsasargira. Udan egon dira bisitariak batez ere, baina udaberri eta udazkenetan ere nabaritzen da bisitarien etorrera.
“Turismo eredu ezberdin bat indartu nahi izan du udal honek kulturari tiraka, urtaroen joera apurtu eta kultur eskaintza bat urte guztian zehar egonkortu, Lekeitio Kultur Kaia bihurtuz”, azaldu du Lekeitioko Udalak. Turismo aktiboa, kulturala, anitza eta urte osoan funtziona dezakeena bultzatzea izan dute, beraz, helburu. “Gure inguru paregabeak erakartzen duen turismo eredu klasikoa osagarritu eta askoz haratago joan daitekeena”.
Ondareari lotuta, bestalde, adierazpen artistikoen inguruan eraikita edo ospakizun tradizionalen inguruan antolatutakoa bultzatu dituzte. “Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia, Euskal Zine Bilera, San Pedroak edota Iparraldeko Haizeak herri honetako zarata kulturalaren adierazpenak dira”, adierazi dute.