Mutrikuko alde zaharrean sua itzaltzeko iturburuak ipini dituzte

Suteak itzali eta horiek ekiditeko neurri berriak hartzen hasita dago Mutrikuko Udala. Lehendik ere, herrian suak itzaltzeko hainbat iturburu zeuden, Azkiaga kalearen inguruan, esate baterako. Orain, baina, iturburu gehiago ipintzen ari dira alde zaharrean. Gipuzkoako Ur Patzuergoarekin lankidetzan, denetara sei iturburu berri ipiniko direla argitu du Joxean Agirregomezkorta Mutrikuko udal gobernazioburuak. “Alde zaharrean suhiltzaileak sartzea ezinezkoa da, eta iturburu hauek arazoa ekiditzen lagunduko dute. Zoritxarrez, azkenaldian herrian egon diren bi suteak gertatu eta gero, arazoari irtenbidea ematea oso garrantzitsua dela deritzogu”.
Sua itzaltzeko iturburu berria ipintzeko lanak Mutrikuko Beheko Plazaren aurrean

Sua itzaltzeko iturburu berria ipintzeko lanak Mutrikuko Beheko Plazaren aurrean

Izan ere, suhiltzaileek euren kabuz Mutrikuko alde zaharrera ailegatzea ezinezkoa dute. Neurri berri hauekin, iturburuetatik zuzenean hartuko lukete suak itzaltzeko ura. Horren harira gainera, Mutrikuko Udala suteak itzaltzeko neurri berriak hartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hartu-emanetan ari da. “Suhiltzaileak Eibarretik etorri behar dira. Denbora tarte hori berebizikoa dela uste dugu. Hori dela eta, etorkizunean suak itzaliko zituen brigada herrikoia sortzea sakonki aztertzen gara. Suhiltzaileak herrira ailegatu bitartean, arazoari ahalik eta erantzun arinena ematea da gure asmoa”. Atzo [urtarrilak 20], Beheko Plazako parean zulo handi bat egiten ari ziren Gipuzkoako Ur Patzuergoko langileak, gerokoan gune horretan suhiltzaileentzako iturburua ipintzeko. Horrez gain, Atxukale inguruetan ere beste bi iturburu ipintzen amaitu zuten atzo arratsaldean.