Mutrikuko Musika Bandak Nazareno eguneko kontzertu "arrakastatsua" eskaini du

Musika banda komendura bidean, kalejiran

Musika banda komendura bidean, kalejiran. Argazkia: Alberto Gorritiberea

Nazareno eguneko kontzertua eskaini zuen domekan [urtarrilak 18] Mutrikuko Musika Bandak. Bandako kideentzat eta herritarrentzat oso kontzertu berezia da, izan ere, urteko lehena da. Goizeko meza hasi aurretik Goiko plazatik irtenda Komendura arte kalejira egin zuten. Meza amaitu eta gero ere, herritarrek bueltako bidea bandako kideek alaituta egin zuten. Bandak Museros en fiestas eta Donosti Zaharra abestiak jo zituen kalerik kale.
Mutrikuko bandaren Nazareno eguneko kontzertua

Mutrikuko bandaren Nazareno eguneko kontzertua

Kalejira amaitzean, kontzertua Zabiel kultur etxean eman zuten. Ekimena, berez, Zabiel plazan eman behar zuten, baina eguraldi txarra zela eta, kultur etxeko ganbaran jo zituzten Nazareno eguneko kontzertuan jo beharreko piezak. Kultur etxeko ganbara, jendez bete-bete egin zen. Mutrikuko Musika Bandako kideak, pozik agertu ziren kontzertua eman eta gero. Karlos Eskudero ere pozik zegoen aretoa bete zutelako. “100 bat pertsona egongo ziren gu ikusten. Gehienek eserita ikusi dute kontzertua, baina musika emanaldia zutik ere ikusi duenik ere egon da. Hori eskertzekoa da”. Musika bandaren kontzertu guztietan ohikoa bihurtu den modura, programako kantuez gain beste bi kanta eskaini zituzten kultur etxeko ganbarara hurbildutako publikoaren gozamenerako. “Donostiako danborradaren egunak hurbil ditugunez, danborradarekin zerikusia duten bi abesti jo ditugu; Donosti zaharra eta Donostiako martxa“.