
Asier Illarramendi Real Madrileko jokalaria. Argazkia: Real Madrid
Hainbat informazio iturriren arabera, aurreko udatik Illarramendi fitxatzeko hainbat saiakera egin ditu Ibaiganeko taldeak. Marcaren arabera, hasiera batean, jokalariaren lagatzea nahi zuten bilbotarrek, baina talde madrildarrak ezezkoa eman zion abenduan. Azken orduetan, ordea, fitxaketa gauzatzeko zurrumurruak areagotu egin dira. Informazio iturrien arabera, Ibaiganeko taldea eskualdaketa bat ordaintzeko prest dago, eta talde madrildarrarekin harremanetan dabil.
Hala ere, talde bizkaitarra ez da azkenaldian mutrikuarrarengatik interesa agertu duen bakarra. Beste hedabide batzuen arabera, azken orduetan, Milango Interrek ere erosteko proposamena azaldu omen du.
Marcaren arabera, aldiz, Josu Urrutia Atheticeko presidenteak “eskaintza tentagarria” egin dio Florentino Perez Real Madrileko presidenteari. Talde zuri-gorriak, ustez, mutrikuarragatik 20 eta 25 milioi euro ordaintzeko prest dagoela nabarmendu du kirol hedabideak. Bere garaian, talde madrildarrak 32 milioi euro ordaindu zizkion Realari Illarramendiren fitxaketagatik.
Talde biak eta jokalaria ados jarriz gero egingo litzateke fitxaketa. Beste iturri batzuen arabera, ordea, Illarramendik Athleticekin fitxatzeko aukerari ezezkoa eman omen dio. Horrenbestez, Real Madrileko jokalaria izaten jarraituko du ekainera arte.
Duela egun gutxi, Carlo Ancelotti Real Madrileko entrenatzaileak egindako adierazpenetan, neguko merkatuan mugimendurik ez zuela egingo azpimarratu zuen. Era berean, mutrikuarra saltzeko edo uzteko asmorik ez zuen agertu, are gutxiago, Luka Modric erdilariaren lesioa eta gero. Hala ere, entrenatzaileak azken partidetan ez du mutrikuarra jokatzera atera; Khedira aukeratu du Errege Kopako edota ligako partiduak jokatzeko.

Asier Illarramendi. Argazkia: Real Madrid
Minutu gutxi jokatzen baldin baditu ere, Real Madrilek ez du sekula Asier Illarramendi saltzeko asmorik agertu. 2018ra arteko kontratua du mutrikuarrak talde zuriarekin. 2013an fitxatu zutenez geroztik, Illarramendik 928 minutu jokatu ditu talde madrildarrarekin. Azken denboraldiari dagokionez, 2014-2015 denboraldian 21 partida jokatu ditu, horietatik zortzi titular modura.
Illarramendik Real Madriletik irtenez gero, Lucas Silvaren etorrerarekin beteko lukete bere tokia. Espainiako hedabideen arabera, talde madrildarrak jokalari brasildarra fitxatzeko interesa du aspalditik.
Erdialdea indartzera
Denboraldi honetan hainbat arazo izaten ari da Athletic. Jokoarekin ez du asmatzen, eta Illarremendiren fitxaketarekin Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak taldea erdialdean indartuko luke.
Lehenengo joanekoa amaitu eta gero, 19 puntu besterik ez ditu lortu talde zuri-gorriak. 19 partidatik bost bakarrik irabazi ditu talde bizkaitarrak, gainontzeko lau partida berdindu eta hamar galdu egin ditu.