
2014ko Akerbeltz Gaztetxeko Bertsolari Txapelketa.
Aurten sei bertsolarik hartuko dute parte urteroko hitzordu garrantzitsu bihurtu den ekimenean. Betiko modura bertso saioak eta ikuskizunak bat egingo dute, oraingoan, olinpiaden inguruan.
Kirol olinpiadetan egiten duten modura, herrialde indartsuenak joango dira gaztetxeko olimpiada irabaztera. Horrela, hiru herrialde ordezkatuko dituzte bertsolariek, binaka. “USA, Rusia eta Txina, ekarren kontra ariko dira zein baino zein gehiago bertsotan”, aurreratu dute Markina-Xemeingo Gazte Asanbladakoek.
Aurten, zazpi urte beteko ditu Akerbeltz gaztetxeko Bertsolari Txapelketak eta jadanik gaztetxean antolatzen dituzten ekintza garrantzitsuenetako bat bihurtu da. “Jende gehien batzen duen gaztetxeko ekintzetako bat izaten da; urtero dauka arrakasta handia”, diote gazte asanbladakoek. Zazpigarrenak ere jende asko bilduko duela aurreratzerik badago. Izan ere, ohi duten modura, bertso saioa aurretik afaria egingo dute gaztetxean, eta txartel guztiak salduta daude. Beraz, ez da lekurik egongo afaltzeko. “Pozik gaude urtero, afariak ere arrakasta handia izaten duelako, hala ere, pena ere ematen digu batzuk kanpoan geratu behar izana, baina, afaltzeko ez dago leku fisikorik denentzat”, azaldu dute gazte asanbladakoek.
Bertso saioarako baina, lekua egingo dute bertsozale guztientzako. “22:30ean zabalduko dira saiora datozenentzako ateak”, zehaztu dute.
Merezitako lana
Aurreko egun, aste eta hilabeteetan lanean ibiltzen dira gazteak Bertso Txapelketa antolatzeko. Gaztetxea apaindu, gidoia egin… lan asko edukitzen dute egiteko. Hala ere, gogotsu ibiltzen dira antolaketan gazte asanbladakoak. “Lan askoko ekintza da baina erantzun handia duenez, merezi du antolatzeak”, diote.
Bertsozaleak ere, zain egoten dira. Adin tarte zabaleko bertsozaleak biltzen ditu-eta urtero ekimen bereziak. Oraingoan ere, ez dira gaztetxetik ase barik aterako, sorpresak iragarri dituzte eta antolatzaileek.