Aurreko astean modura, baxurako txalupa oso gutxirek jarraitzen dute arrantzan euskal kostaldean. Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek nabarmendu dutenez, aurreko asteko arrantzontzi berdinek jarraitzen dute arrantzan. “Berdel kanpaina hasi arte, otsaila erdialdera arte edo, ez dugu uste portuan mugimendu handirik egongo denik. Txalupa kopurua orduantxe gehitzen hasiko dela pentsatzen dugu”.
Astean egon den itsaso txarrak ere eragina izan du portuko mugimenduan. Martitzenean eta eguaztenean porturatu dira bakarrik arrantzontziak. Hala ere, gaur [urtarrilak 22], arraina saldu da kofradiako bentalekuan. “Arrantzaleek atzotik gordeta zituzten arrain partida batzuk atera dituzte, eta hura saldu da gaurko bentan”.
Arrantzan ari direnak, gainera, nahikoa hurbil ari dira arraina harrapatzen, Bilbo inguruan. Batez ere txitxarro zuria, boba eta betandia arrantzatu dituzte asteon. Datuei erreparatuz, 20.500 kilo txitxarro zuri, 17.900 kilo boba eta 8.400 kilo betandi saldu dira Ondarroan, hurrenez hurren. Prezioei dagokionez, txitxarro zuria saldu da garestien, 3,40eurotik 2,80 eurora bitartean ibili da. Betandia 2,50 euro bueltan ibili da eta boba merke saldu da, 50 zentimo eta 27 zentimo artean saldu da asteon egin diren bentetan.
ASTEKO ARRAINA
Urtarrilak 20, martitzena
- Betandia: 3.900 kilo; batez besteko 2,07 euro.
- Boba: 6.800 kilo; batez besteko 0,48 euro.
- Txitxarro zuria: 16.500 kilo; batez besteko 2,47 euro.
Urtarrilak 21, eguaztena
- Betandia: 4.500 kilo; batez besteko 0,29 euro.
- Txitxarro zuria: 500 kilo; batez besteko 3,29 euro.
Urtarrilak 22, eguena
- Boba: 2.700 kilo; batez besteko 0,34 euro.
- Sarboa: 500 kilo; batez besteko 6,05 euro.
- Txitxarro zuria: 3.500 kilo; batez besteko 3,01 euro.