Bertso olinpiadak jokatuko dira bihar gauean Akerbeltz gaztetxean
22:30ean zabalduko dira bertso saiora datozenentzako ateak. Ikuskizuna eta bertsoak uztartuko dira txapelketan. Sei bertsolari ariko dira kantuan, hiru herrialde ordezkatzenSei bertsolarik hartuko dute parte bihar gauean Akerbeltz gaztetxean jokatuko d...
22:30ean zabalduko dira bertso saiora datozenentzako ateak. Ikuskizuna eta bertsoak uztartuko dira txapelketan. Sei bertsolari ariko dira kantuan, hiru herrialde ordezkatzen
Sei bertsolarik hartuko dute parte bihar gauean Akerbeltz gaztetxean jokatuko den zazpigarren bertsolari txapelketan. Urtero modura, bertso saioak eta ikuskizunak bat egingo dute: horrela, oraingoan, Bertso Olinpiadak ospatuko dira.
Kirol olinpiadetan egiten duten modura, herrialde indartsuenak neurtuko dira gaztetxeko oholtza gainean. Hala, hiru herrialde ordezkatuko dituzte bertsolariek, binaka: USA, Rusia eta Txina elkarren kontra ariko dira zein baino zein gehiago bertsotan.
Aurten, zazpi urte beteko ditu Akerbeltz gaztetxeko bertsolari txapelketak, eta jadanik gaztetxean antolatzen dituzten ekintza garrantzitsuenetako bat bihurtu da. «Jende gehien batzen duen gaztetxeko ekintzetako bat izaten da; urtero dauka arrakasta handia», diote Markina-Xemeingo Gazte Asanbladakoek. Era berean, zazpigarrenak ere jende asko bilduko duela aurreratzerik badago. Izan ere, ohi duten modura, bertso saio aurretik luntxa prestatu dute gaztetxean, eta txartel guztiak salduta daude honezgero. Beraz, ez da lekurik egongo afaltzeko. «Pozik gaude urtero afariak ere arrakasta handia izaten duelako, hala ere, pena ere ematen digu batzuk kanpoan geratu behar izana, baina afaltzeko ez dago leku fisikorik denentzat», azaldu dute.
Ezustekorik ez da faltako
Bertso saiorako, baina, lekua egingo dute bertsozale guztientzat. «22:30ean zabalduko dira saiora datozenentzako ateak», zehaztu dute.
Aurreko egun, aste eta hilabeteetan lanean ibiltzen dira gazteak bertso txapelketa antolatzeko. Gaztetxea apaindu, gidoia egin… lan asko edukitzen dute egiteko. Hala ere, gogotsu ibiltzen dira antolaketan. «Lan askoko ekintza da, baina erantzun handia duenez, merezi du antolatzeak». Bertsozaleak ere zain egoten dira. Eta adin tarte zabaleko bertsozaleak biltzen ditu urtero ekimen bereziak. Oraingoan ere, ez dira gaztetxetik ase barik aterako, ezustekoak iragarri dituzte-eta antolatzaileek.