Debegesaren ekimenez, hiru enpresa berri sortu dira Mutrikun
Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako diru laguntzei esker, hainbat enpresa berri sortu dira Debabarreneko eskualdean. Izan ere, Debegesa Garapen Agentziaren ekimenez Aldunditik jasotako 120.000 eurorekin 19 enpresa berri sortzea lortu da: zortzi Eibarren, bost Elgoibarren, hiru Mutrikun, eta bana Mendaron, Deban eta Soraluzen.
Enpresa berriak gainera, hainbat arlotan ari dira lanean. Lau enpresa industria sektorean ari dira, beste lau enpresa teknologia berrien arlokoak dira eta beste enpresa bat nekazaritza-esparrukoa da. Gainontzeko hamar enpresak zerbitzuen alorreko jarduera ezberdinak burutzen dituzte.
Foru Aldunditik jasotako diru funtsa enplegua hobetze aldera proiektu estrategikoen garapena bultzatzera bideratuta dago. “Diru-laguntzak 2014an banatu ziren, Debabarrena Ekinean Funtsa deritzon deialdiaren baitan. Diru funts hau Gipuzkoako Foru Aldunditik dator oso-osorik. Enpresa hauek, laguntzei esker, ia 1,5 milioi euroko inbertsioa egingo dutela aurreikusi da. Banatutako laguntzak enpresak egindako inbertsioak laguntzera zuzendu dira”, azaldu dute Debegesako arduradunek.
Sortu diren enpresa horietan guztietan, gainera, Debabarreneko eskualdean “hazkunde potentzial handia” duten 32 lanpostu berri sortu direla nabarmendu du Debegesak.