Dia supermerkatuek langileak zelatatzen dituztela salatu du LABek
Besteak beste, beharginen takillak eta poltsak miatzen dituztela salatu dute langileek. Lan baldintzak salatzeko, elkarretaratzea deitu du LAB sindikatuak gaurko, Foruko dendaren aurreanDia supermerkatuek langileen eskubideak urratzen dituztela salatu ...
Besteak beste, beharginen takillak eta poltsak miatzen dituztela salatu dute langileek. Lan baldintzak salatzeko, elkarretaratzea deitu du LAB sindikatuak gaurko, Foruko dendaren aurrean
Dia supermerkatuek langileen eskubideak urratzen dituztela salatu du LAB sindikatuak. Dioenez, bere beharginak zelatatzen ditu, haien profesionaltasuna zalantzan jarriz. Supermerkatuen kate horretako beharginek eurek ere eman dute lanean bizi duten egoeraren berri. Hain zuzen, beraien gauza pertsonalak miatzen dituztela salatu dute.Diotenez, supermerkatuetako arduradunek auditore bat kontratatu dute, eta pertsona horrek, besteak beste, saltokietako paperontziak kontrolatzen ditu, bezoeroek bueltatzen dituzten produktuen kontrola egiten du… Baina, horrez gain, beraien takillak eta poltsoak ere miatu egiten dituela kritikatu dute beharginek.
Enpresa, jakitun
LAB sindikatuak azaldu duenez, enpresak berak jakin badaki auditorea zertan dabilen, «LAB sindikatuak langileen kexa helarazi baitio enpresari, behin baino gehiagotan». Nabarmendu du, gainera, auditore lanak egiten dituen pertsona horrek Busturialdeko langileekin bakarrik erakusten duela jarrera hori: «Busturialdeko dendetako langileak dira kexatu direnak».
Dia supermerkatuetako delegatuak ekainetik dabiltza enpresa arduradunekin gai hori jorratzen, baina langileen egoerak bere horretan dirauela diote. Horregatik, enpresa bera egoera horren «konplizea» dela dio sindikatuak, eta beharginen eskubideen kontrako urraketa hori publioki salatzeko ordua dela adierazi du: «Guztiz ilegala da langileen gauza pertsonalak miatzearena».
Protesta, gaur
Hala, enpresa horrek langileekiko erakusten duen «errespetu falta» kontsumitzaileen aurrean salatzeko beharra ikusi dute bai beharginek eurek zein sindikatuko ordezkariek ere. Hori dela eta, elkarretaratzea egingo dute gaur. LAB sindikatuak jakitera eman duenez, 12:00etatik 13:00etara batuko dira, Foruko Dia supermerkatuaren aurrean, Langileak gara, ez lapurrak lemapean.