Illarramendigatik 25 milioi euro eskaini ahal izan ditu Athleticek
Talde bizkaitarraz gain, nazioarteko hainbat taldek mutrikuarra fitxatzeko asmoa agertu dute. Azken orduetan, Milango Interrek ere eskaintza egin duJosu Urrutia Athleticeko presidenteak «eskaintza tentagarria» egin dio Florentino Perez Real Madrilgo ...
Talde bizkaitarraz gain, nazioarteko hainbat taldek mutrikuarra fitxatzeko asmoa agertu dute. Azken orduetan, Milango Interrek ere eskaintza egin du
Josu Urrutia Athleticeko presidenteak «eskaintza tentagarria» egin dio Florentino Perez Real Madrilgo presidenteari. Hori argitaratu du Marca egunkariak. Talde zuri-gorria, ustez, mutrikuarragatik 20 eta 25 milioi euro artean ordaintzeko prest dagoela nabarmendu du kirol hedabideak. Bere garaian, talde madrildarrak 32 milioi euro ordaindu zizkion Realari Illarramendiren fitxaketagatik.Hainbat informazio iturriren arabera, aurreko udatik Illarramendi fitxatzeko hainbat saiakera egin ditu Ibaiganeko taldeak. Itxura denez, hasiera batean, jokalaria lagatzea nahi zuten bilbotarrek, baina talde madrildarrak ezezkoa eman zion abenduan.
Azken orduetan, ordea, fitxaketa gauzatzeko zurrumurruak areagotu egin dira. Informazio iturrien arabera, Ibaiganeko taldea eskualdaketa bat ordaintzeko prest legoke, eta talde madrildarragaz harremanetan dabil.
Hala ere, talde bizkaitarra ez da azkenaldian mutrikuarrarengatik interesa agertu duen bakarra. Beste hedabide batzuen arabera, azken orduetan, Milango Interrek ere erosteko proposamena azaldu omen du.
Ezezko borobila
Talde biak eta jokalaria ados jarriz gero egingo litzateke fitxaketa. Beste iturri batzuen arabera, ordea, Illarramendik Athleticekin fitxatzeko aukerari ezezkoa eman omen dio. Horrenbestez, Real Madrileko jokalaria izaten jarraituko luke, behinik behin, ekainera arte.
Are gehiago, duela egun gutxi, Carlo Ancelotti Real Madrileko entrenatzaileak egindako adierazpenetan, neguko merkatuan mugimendurik ez zuela egingo azpimarratu zuen. Era berean, mutrikuarra saltzeko edo uzteko asmorik ez zuen agertu, are gutxiago, Luka Modric erdilariaren lesioa eta gero.
Bestalde, entrenatzaileak azken partidetan ez du mutrikuarra jokatzera atera; Khedira aukeratu du Errege Kopako zein ligako partidak jokatzeko.
Minutu gutxi jokatzen baldin baditu ere, Real Madrilek ez du sekula Asier Illarramendi saltzeko asmorik agertu. 2018ra arteko kontratua du mutrikuarrak talde zuriarekin. 2013an fitxatu zutenez geroztik, Illarramendik 928 minutu jokatu ditu talde madrildarrarekin. Azken denboraldiari dagokionez, 2014-2015 denboraldian, 21 partida jokatu ditu, horietatik zortzi titular modura.
Erdialdea indartzera
Illarramendik Real Madriletik irtenez gero, Lucas Silvaren etorrerarekin beteko lukete bere tokia. Espainiako hedabideen arabera, talde madrildarrak jokalari brasildarra fitxatzeko interesa du aspalditik.
Bestalde, denboraldi honetan hainbat arazo izaten ari da Athletic. Jokoarekin ez du asmatzen, eta Illarramendiren fitxaketarekin Ernesto Valverdek taldea indartuko luke erdialdean.
Lehen joanekoa amaitu eta gero, 19 puntu ditu talde zuri-gorriak. 19 partidatik bost bakarrik irabazi ditu, lau partida berdindu eta hamar galdu ditu. 13. postuan dago sailkapenean, Realarekin puntuetara berdinduta.