Mutrikuko alde zaharrean suteak itzaltzeko iturburuak ipini dituzte
Suteak itzali eta horiek ekiditeko neurri berriak hartzen hasita dago Mutrikuko Udala. Lehendik ere, herrian suak itzaltzeko hainbat iturburu zeuden. Orain, baina, iturburu gehiago ipintzen ari dira alde zaharrean.Gipuzkoako Ur Patzuergoarekin lankidet...
Gipuzkoako Ur Patzuergoarekin lankidetzan, denetara sei iturburu berri ipiniko direla argitu du Joxean Agirregomezkorta Mutrikuko udal gobernazioburuak. «Alde zaharreko kaleak estuak dira, eta suhiltzaileen kamioiak sartzea ezinezkoa da. Iturburu hauek arazoa ekiditzen lagunduko dute. Zoritxarrez, azkenaldian herrian egon diren bi suteak gertatu eta gero, arazoari irtenbidea ematea oso garrantzitsua dela deritzogu».
Izan ere, suhiltzaileek euren kabuz alde zaharrera ailegatzea ezinezkoa dute. Neurri berri hauekin, iturburuetatik zuzenean hartuko lukete sua itzaltzeko ura.
Horren harira, gainera, Mutrikuko Udala suteak itzaltzeko neurri berriak hartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hartu-emanetan ari da. «Suhiltzaileak Eibarretik etortzen dira, eta handik hona etortzen behar duten denbora tarte hori berebizikoa dela uste dugu. Hori dela eta, etorkizunean suak itzaliko dituen brigada herrikoia sortzea sakonki aztertzen ari gara. Suhiltzaileak herrira ailegatu bitartean, arazoari ahalik-eta erantzun arinena ematea da gure asmoa».