Sanbizenteak ospatzeko batuko dira Lea Ibarran
Aurten ere, hutsik egin barik, San Bizente jaiak ospatuko dituzte Lea Ibarreko Aulesti eta Munitibar herrietan. Aulestin, Narea auzoan elkartuko dira sanbizenteak ospatzeko zapatuan; Munitibarko herritarrak, berriz, bihar bertan hasiko dira ospakizunek...
Aurrekoetan legez, sanbizenteetako zaldi demak ez du hutsik egingo Narea auzoan. Hain zuzen, zapatu eguerdian gozatu ahalko da Perla eta Beltz zaldiaren arteko norgehiagoaz. Hori, baina, ez da eguneko ekintza bakarra izango; horregaz batera, meza, umeen jolasak, mus eta briska txapelketa eta erromeria egongo baitira aukeran.
Munitibarren, berriz, hiru egunetako egitaraua prestatu dute sanbizenteetarako: bihar hasi eta domekara bitartekoa. Trikitilariek emango diete hasiera bihar jaiei, eta txokolate beroa jan ostean, antzerkiaz gozatu ahalko dute herriko plazan bildutakoek. Zapatuan, ostera, umeentzako Irria parkea jarriko dute goizean, eta arratsaldean, zirku tailerrean parte hartu ahalko dute. Mus txapelketa jokatzeko aukera edukiko dute nagusiek, eta, gau partean, gaztetxeak antolatutako musika emanaldian bilduko dira adin ezberdinetako herritarrak. Domekan, azkenik, Goiener-en hitzaldia eta Izaki Gardenak taldearen kontzertua eskainiko dituzte, udal aretoan.