Andoni Egaña eta Xabier Lizaso Uhagonen egongo dira
Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso musikariak Garai hura gara ikuskizuna eskainiko dute bihar, 19:30ean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Sarrerak salgai daude, 9 eurotan; bazkideek 4 euro ordaindu beharko dute.
Ikuskizunean XVIII. mendeko eta XIX.aren hasierako kultur-joeren berri ematen dute Egañak eta Lizasok. «Europan, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Amezketan… kultura nola bizi zen egunotara ekartzea dugu helburu, eta sorkuntza-espresabide askotarikoaren bitartez azaldu nahi genuke hori», diote Lizasok eta Egañak.
Lizaso pianojoleak Larrañaga, Gamarra eta Osinaga konpositoreen musika ekarriko du. Baita Peñaflorida Kondearen hainbat obra jo ere: Sententziatu dute, Aita gurea, Irten ezazu… Eta zortzikoren bat ere eskainiko du.
Egañak, ostera, Fernando Amezketarraren lana ekarriko du gogora. Baina orduko beste bertsolarien bertsoak ere baliatu nahi izan ditu Egañak: Txabalegi eta Zabala, Izuelako artzaila, Juan Inazio Iztuetaren bertsoak…
Bi mundu ikuskizun baten. Aurtengo urrian beteko dira 250 urte Fernando Amezketarra sortu zela eta urteurren bera da Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais elkartea sortu zela. Elkarte horren helburu nagusietako bat Ilustrazioa Euskal Herrira ekartzea zen.
Egañaren esanetan, garai hartako Euskal kulturgintza Europako abanguardiarekin harreman estuan zegoen, eta horren lekutzat jo du, adibidez, Europako orduko koposatzailerik ezagunenen obrak Arantzazun entzun ahal izatea.
Bi mundu horien arteko harremana da ikuskizunera ekarri dutena: Pernando Amezketarra eta bere garai-inguruaren mundua eta ilustrazioaren haizeak zekarten munduaren artekoa.