Asteon mugimendu gutxi egon da bentalekuan
Aurreko astean modura, baxurako txalupa oso gutxik jarraitzen dute arrantzan euskal kostaldean. Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek nabarmendu dutenez, aurreko asteko arrantzontzi berek jarraitzen dute arrantzan. «Berdel kanpaina hasi arte,...
Astean egon den itsaso txarrak ere eragina izan du portuko mugimenduan. Martitzenean eta eguaztenean porturatu ziren bakarrik arrantzontziak. Hala ere, atzo, arraina saldu zen kofradiako bentalekuan. «Arrantzaleek aurreko egunetik gordeta zituzten arrain partida batzuk atera dituzte, eta hura saldu da gaurko bentan», azaldu zuten atzo bentako arduradunek.
Arrantzan ari direnak, gainera, nahikoa hurre ari dira arraina harrapatzen, Bilbo inguruan. Batez ere, txitxarro zuria, boba eta betandia arrantzatu dituzte asteon. Datuei erreparatuz gero, 20.500 kilo txitxarro zuri, 17.900 kilo boba eta 8.400 kilo betandi saldu dira, hurrenez hurren. Prezioei dagokienez, txitxarro zuria saldu dute garestien, 3,40eurotik 2,80 eurora bitartean ibili da kiloa. Betandi kiloa, beste alde batetik, 2,50 euro inguruan ibili da, eta boba merke saldu da: 50 zentimo eta 27 zentimo artean erosi dute azken egunetan egin diren bentetan.