Iaz 39 enpresa berri jarri ziren martxan Lea-Artibai eskualdean
Leartiai Garapen Agentzia eta Azaro Fundazioaren lankidetzari esker sortu ziren enpresa berriak. “Enpresa hauen artean 66 langile izango dituzte 3 urteko epean. Momentuz, jada, 51 lanpostu sortu dituzte”, adierazi dute Leartibai Garapen Agentziako kideek.
Sektoreei dagokionez, sortu diren 39 enpresen %28a merkataritza sektorekoak, %20 ostalaritza eta turismo sektorekoak eta %52 zerbitzuetakoak dira. “Aipatzekoa da ere, eskualdeko bost enpresa industrialekin behar egin dela enpresa hauetan negozio aukera berriak identifikatu eta martxan jartzeko”.
Enpresa berriak sortzeaz gain, eskualdean ekintzailetza bultzatzeko hainbat ekintza ere egin ziren. Eskualdeko VIII. enpresa ideien lehiaketa, II. ekintzaile azoka eta ekintzaileei zuzendutako bi ikastaro, esate baterako.
Enpresei eskaintzen zaizkien zerbitzuei dagokionez, iaz 50 enpresarekin behar egin zuten Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak. “2015era begira ere, Leartibai Garapen Agentziaren erronkak, eskualdeko enpresa sarearen lehiakortasunean baikorki eragitera zuzendurik egongo dira. Ekintzailetza bultzatzeak lan lerro estrategikoa izaten jarraituko du, eta enpresei dagokioinez balio erantsidun zerbitzuak eskaini eta bitartekaritza lan eraginkorra egingo duen tokiko erakunde bezala kontsolidatzea izango da erronka”.