Moral eta Laka eta Beraza eta Etxebarria domeka goizean Lekeitioko trinketean.
Aurtengo txapelak lortzeko norgehiagoka bizia egongo dela erakutsi dute pilotariek txapelketaren lehen asteburuan. Partidu dotore, orekatu eta serioak jokatu dituzte lehen parte hartzaileek.
Telleriak eta Bastidak 30 eta 26 irabazi zieten Jaunarena eta Fosterri bariku arratsaldean jokatu zuten partidan. Irabazleak beti aurretik ibili ziren, baina, Jaunarena nafarrak bere trebezia erakutsi zuen pilotari efektuak emanda. “Irabazleak aurten sasoian daudela erakutsi nahi dute eta txapelketako faboritoak dira”, adierazi dute antolatzaileek.
Domeka goizean jokatu ziren txapelketaren lehen asteburuko beste partida biak. Moral eta Laka izan ziren lehenengoan nagusi Beraza eta Etxebarriari 30 eta 22 irabazita. Plazaolak eta Navarrok irabazi zuten, berriz, bigarren norgehiagoka. 30 eta 26 emaitzagaz gainditu zituzten Astigarraga eta Arrate.
Beraza eta Etxebarria elgoibartarrak, orain arte nagusi izan dira Moral eta Lakaren kontra, baina, oraingoan, alderantziz gertatu zen. Laka mendexarra jaun eta jabe izan zen, eta horrelako laguntzagaz ondo moldatu zen Moral lekeitiarra Beraza jokoz kanpo uzteko.
Iurretako Arroitajauregiren ordez jokatu zuen atzo Debako Astigarragak, eta hasieran Arrategaz batera partida menderatzen hasi ziren. Markagailuan 20 eta 10 ere joan ziren aurretik, baina, Azkoitiko Plazaolak trinketeari neurria hartu zionean aldatu egin ziren kontuak. 22ko berdinketaren ondoren 26 aurretik jarri ziren Astigarraga eta Arrate. Horixe izan zen bikotearen azken tantua. Plazaolaren sakeek min handia egin zieten, eta Navarro ere bikain aritu zen. Horrela, garaipena bere egitea lortu zuten azkenean, Plazaolak eta Navarrok.