Mutrikuko eraldatze gunea eta enpresa haztegiaren nondik norakoak emango dira eguaztenean
Eguaztenean [urtarrilak 28], 19:00etan, Zabiel Kultur Etxeko hitzaldi aretoan Mutrikuko eraldatze gunea eta enpresa haztegiari buruzko agerraldia publikoa egingo da.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Garapen sailetatik diruz lagundua dago. Agerraldian proiektuaren helburuak, epeak, inbertsioaren nondik norakoak, kofinantziazioa eta proiektuaren beste hainbat gora beheren berri emango da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldeko Eraldatze Guneen Sarea aurkeztu zuen, aurreko astean. Mutrikuko Udalak nabarmendu duenez, “gune horietako bat” Mutriku izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Debemen eta Debegesarekin elkarlanean, Mutriku eta Debabarrena eskualdearentzako oso garrantzitsua izango den proiektu bat jarriko dute martxan Mutrikuko Udalarekin batera. “Mutrikuko Eraldatze Gunea eta Enpresa Haztegia, lehen sektoreko produktuen transformakuntzari, akuakulturari eta oro har, ekintzailetzari lotua egongo den proiektu bat”.